Mundua -
Gerra Ukrainan
Ukrainako negoziazioei buruzko eztabaidak abiatu ditu Macronek Rubio eta Witkoffekin
Frantziako presidentea Trumpekin harremanetan izan da azken asteotan, eta Erresuma Batuarekin ere, "boluntarioen koalizioa" deiturikoa martxan jartzeko.
Agentziak | EITB MEDIA
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Marco Rubio AEBko Estatu idazkaria eta Steve Witkoff Donald Trumpen ordezkari berezia hartu ditu ostegun honetan, Ukrainako gerrari buruzko bilera diplomatiko luze batean. Bertan izan dira Kievetik, Erresuma Batutik eta Alemaniatik etorritako ordezkariak ere.
Macronek antolatutako Eliseoko lan-bazkaria 13:30ean hasi da, eta bertan, Rubio eta Witkoffez gain, Jean-Noël Barrot Frantziako Atzerri ministroak parte hartu du.
Frantziako presidentetzak azaldu duenez, Macronek Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin hitz egin du, eta Andri Yermak kabineteko nagusia buru duen ordezkaritza bat bidali du Parisera. Andri Sibiga Atzerri ministroa eta Rustem Umerov Defentsa ministroa ere bertan daude.
Halaber, Rubio eta Witkoffekin izandako elkarrizketak "Ukrainako eraso errusiarrari amaiera emateko bake negoziazioei" buruz hitz egiteko balio behar zuela aurreratu zuen.
Horren harira, gogoratu du Macronek azken asteetan harremanak izan dituela Trumpekin helburu horrekin, baita Erresuma Batuarekin ere, "boluntarioen koalizioa" deiturikoa martxan jartzeko.
Koalizio horretan, batez ere, Europako herrialdeak daude, baina baita beste kide batzuk ere, hala nola Kanada. Horren bidez, su-etenerako baldintzak sortu eta Ukrainari segurtasun-bermeak eskaini nahi dute eta, hori gertatuz gero, herrialde horretara tropak bidaltzeko aukera izan.
Kremlinek ez du aurrerapausorik espero Parisen
Bestalde, Kremlinek ez du aurrerapausorik espero Ukrainan konponbide baketsu bat lortzeko gaurko Parisko bileran.
Bien bitartean, Errusiak uko egiten jarraitzen dio lehorreko, itsasoko eta aireko su-eten bat onartzeari, segurtasun arloko bere kezkak kontuan hartu arte.