Mundua -

Genozidioa Gazan

Israelek erasoekin jarraitzen du eta gutxienez 28 palestinar hil ditu azken orduetan Gazako Zerrendan

Gaur hilabete bete da Netanyahuk su-etena hausteko agindua eman zuenetik, eta, denbora horretan, Israelgo armadak 1.700 pertsona inguru hil ditu, tartean haurrak eta emakumeak.

Gazako Zerrenda ia osoa suntsitu du Israelek. Argazkia: EFE
Gazako Zerrenda ia osoa suntsitu du Israelek. Argazkia: EFE
Gazako Zerrenda ia osoa suntsitu du Israelek. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 28 palestinar hil dira bart Gazako Zerrendan, tartean haurrak eta emakumeak, Israelek etxebizitzen aurka egindako erasoen ondorioz, Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.

Horietatik 13 iparraldearen aurkako bonbardaketetan hil zirela zehaztu du Osasun Sailak, eta beste 15ak Zerrendako hegoaldearen aurkako erasoetan.

Biktimen artean, Tamer Meqdad kazetari palestinarra dago. Israelek Tal al Zaatar auzoko bere etxea bonbardatu zuen, eta bertan hil ziren bere alaba eta hainbat senide ere.

Meqdadekin, dagoeneko 200 kazetari baino gehiago hil ditu Israelek 2023ko urrian Zerrendaren aurkako erasoa hasi zuenetik, Palestinako Kazetarien Babeserako Zentroak (PJPC) emandako datuen arabera.

Jan Yunisen ekialdean, beste hamar pertsona hil dira ehiza-hegazkin israeldarrek familia-etxe bati egindako erasoen ondorioz.

Hilabete su-etena hautsi zenetik

Ostiral honetan, apirilaren 18an, hilabete bat beteko da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Gazako Zerrendaren aurkako bonbardaketei berriro ekiteko agindua eman zuenetik.

Ordutik, Israelgo indarrek egunero eraso egiten diote dagoeneko ia bizitzeko ezinezkoa den Zerrendari, Hamasen eta Jihad Islamikoaren kontrako erasoak direla aitzakia hartuta.

Hilabete honetan, Israelek gutxienez 1.691 gazatar hil ditu, tartean haurrak eta emakumeak, eta 4.600 pertsona baino gehiago zaurituta utzi ditu.

Bestalde, ostiral goizean zehar, Armadak Gazako iparraldean desplazatuak zeuden kanpin-denda bati eraso zion, eta bi pertsona hil eta hainbat zauritu zituen.

Mahmud Basal Palestinako Defentsa Zibileko bozeramaileak ohartarazi duenez, Israelen betoaren ondorioz erregairik ez dagoenez, erreskate-ibilgailu batzuek "operazioak eteteko arriskua dute" datozen egunetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel