Mundua -

Ukrainako gerra

Indarrean da Putinek Pazko ortodoxoaren harira iragarritako 30 orduko su-etena

Su-etena arratsaldeko 18:00etan sartu da indarrean (Moskuko ordua, 17:00ak Euskal Herrian) eta apirilaren 21eko gauerdira arte luzatuko da (igandeko 23:00ak hemen). Ukraina ez da Errusiaz fio, eta "egitateak" espero ditu.

Putin eta Gerasimov, larunbat honetan. EFE.
Putin eta Gerasimov, larunbat honetan. EFE.
Putin eta Gerasimov, larunbat honetan. EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin Errusiako presidenteak aldebakarreko su-etena iragarri du larunbat honetan Ukrainarentzat, Pazkoa dela eta.

Kremlinek iragarri duenez, Errusiaren "jarduera militar guztien amaiera" gaur arratsaldeko 18:00etan hasi da (Moskuko ordua, 17:00ak Euskal Herrian) eta apirilaren 21eko gauerdira arte luzatuko da (igandeko 23:00ak hemen).

Putinek Kremlinek Telegrameko kontuan argitaratutako komunikatuan jakinarazi duenez, Pazkoko su-etenaren aurrean Kievek ematen duen pausoak erakutsiko du zenbateraino den zintzoa bake negoziazioetan parte hartzeko haren nahia. 

"Ukrainako aldeak gure ereduari jarraitzea espero dugu. Aldi berean, gure tropek prest egon behar dute su-etenaren balizko urraketei eta etsaiaren probokazioei aurre egiteko, baita haien ekintza oldarkorrei aurre egiteko ere", gaineratu du Putinek.

Horren harira, ziurtatu du Kievek ehun aldiz baino gehiagotan urratu zuela Moskuk martxoaren 18an aldebakarrez ezarritako 30 eguneko su-eten energetikoa -Urkainak astebete geroago egin zuen bat, AEBren bitartekaritzarekin-.

Era berean, azpimarratu du Errusia "beti" egon dela prest bake negoziazioetan parte hartzeko, eta Donald Trump AEBko presidentearen saiakerak ontzat jo ditu, baina baita Xi Jinping Txinako buruzagiarena eta BRICS taldeko herrialdeena ere, "Ukrainako krisiaren konponbide baketsu eta justu baten aldekoak direlako".

AEBren ultimatumaren ostean dator Putinen iragarpena, izan ere, ostiralean AEBk ohartarazi zuen ez bazuen "egun gutxiren buruan" errusiarrekin eta ukrainarrekin egindako negoziazioetan aurrerapausorik ikusten, altxatu egingo zela Ukrainako bake-prozesuaren mahaitik. 

Ukraina ez da Errusiaz fio, eta "egitateak" espero ditu

Ukrainako Atzerri ministro Andrii Sybihak esan duenez, ezin da Putinen hitzaz fidatu, eta ohartarazi du hitzez harago, "egitateak" ikusi nahi dituela. 

X sare sozialean zabaldutako mezu batean, Ukrainako ministroak argi erantzun dio Errusiaren su-etenari: "Ukrainaren jarrerak argia eta koherentea izaten jarraitzen du", eta azpimarratu du martxoaren 11n, Yidan, Ukrainak baldintzarik gabe onartu zuela AEBk 30 eguneko behin-behineko su-etena ezartzeko proposamena; gogoratu du "Errusiak uko egin ziola, eta ezezko horrek 39 egun irauten duela jada".

Gineratu duenez, AEBren proposamena ez onartzeaz gain, "Moskuko erregimenak hainbat baldintza ezarri zituen eta Ukrainaren, biztanleria zibilaren eta azpiegitura zibilaren aurkako izua areagotu zuen". 

Errusiak "30 ordu eskaini ditu, 30 egunen partez", eta ohartarazi duenez "tamalez, historiak esaten digu Errusiaren hitzak eta ekintzak ez direla bat etortzen. Badakigu ezin garela hark esandakoari hitzez fidatu, eta ekintzei erreparatuko diegu, ez hitzei".

Sybiha gogorarazi duenez, "Errusiak edozein unetan onar dezake 30 eguneko baldintzarik gabeko su-etenaren proposamena, martxotik mahai gainean egon dena", eta gaineratu, "Errusiako indarren etsaitasunak norabide guztietan etetea" espero duela.

Halaber, "erne egoteko" eskatu die bere bazkideei eta nazioarteari. "Ekintzek bakarrik, ez hitzek, erakusten dute egia: gerra hau Errusiaren erruz hasi zen eta Errusiaren erruz jarraitzen du" esanez amaitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra