Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Errusiak aire-erasoei berrekin die Ukrainan, Pazko Ortodoxoa dela eta su-etena ezarri ondoren

Bien bitartean, Donald Trump AEBko presidenteak esan du Errusiak eta Ukrainak aste honetan Ukrainako gatazka amaitzea espero duela.

Tankeak Ukrainan. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE.
Tankeak Ukrainan. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE.
Tankeak Ukrainan. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiak distantzia luzeko aire-erasoei berrekin die gaur goizaldean Ukrainan, igandean Pazko Ortodoxoa dela eta su-etena ezarri ondoren.

Telegrameko bere kanalean, Ukrainako Armadak baieztatu du "Shahed drone kamikazeak" jaurti dituztela errusiarrek bart Ukraina hegoaldeko, erdialdeko eta ekialdeko hainbat lekutan. Ukrinform berri agentzia publikoak ere eman du eraso horien berri, eta zehaztu du Mikolayiv, Jerson eta Cherkasi eskualdetan izan direla erasoak, eta gutxienez hiru pertsona hil dituztela.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Vladimir Putin Errusiako presidenteak igandetik astelehenera bitarteko gauerdira arte proposatutako su-etena onartu zuen, baina Ukrainako buruzagiak menia beste 30 egunez luzatzea jarri zuen mahai gainean.

"Su-etena osorik mantentzen bada, Ukrainak Pazko egunetik haratago luzatzea proposatzen du", idatzi zuen Zelenskik X sare sozialean duen kontuan. "Errusia orain bat-batean prest badago benetako konpromisoa hartzeko, Ukrainak ere horren arabera jokatuko du", adierazi zuen.

Zelenski prest agertu zen guda zelaian "isiltasunari isiltasunez erantzuteko" eta "erasoei defentsarekin erantzuteko". 

Kremlinek ez du onartu su-etena luzatzea

Ofizialki esan ez badu ere, goizaldeko erasoek argi utzi dute Putinek ez duela ontzat eman su-etena 30 egunez luzatzea. Dmitri Peskov Kremlineko eledunak atzo arratsaldean aurreratu zuen Errusiako presidenteak ez duela gaiaren inguruan agindurik eman. Are gehiago, bereziki nabarmendu zuen Ukrainako soldaduek ez zutela igandeko su-etena errespetatu, besteak beste, Donbasen lehergailuak jaurti zituztelako.

Asteburuan, Putinek ohartarazi zuen su-etenak irauten zuen bitartean Ukrainak hartuko zuen jarreran ikusiko zela "bakerako borondatea zenbaterainokoa" den.

Trumpek akordioa espero du aste honetan

Bien bitartean, Donald Trump AEBko presidenteak Errusiak eta Ukrainak aste honetan Ukrainako gatazka amaitzea espero duela esan zuen atzo. "Orduan, biak hasiko dira negozio handiak egiten Amerikako Estatuekin, aberasten eta aberasten ari direnekin!" idatzi zuen Truth Social bere sare sozialean.

Ez du, oraingoz, datu gehiago eman eta ikusteko dago iragarpen hori itxaropen hutsa den edota AEBetako presidenteak datu berriren bat ezagutzen duen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski