Mundua -
EKIALDE HURBILA
AEBko armadak Yemen bonbardatu du berriro, eta gutxienez 12 pertsona hil ditu Sana hiriburuan
Yemengo hainbat probintzia bonbardatu ditu, tartean, hiriburuko merkatu bat. Pasa den ostegunean Hodeida portuaren aurkako egindako bonbardaketatan, gutxienez 80 pertsona hil eta 150 zauritu zituen AEBko Armadak.
AGENTZIAK | EITB Media
Gutxienez 12 pertsona hil eta beste 30 zauritu dira Ameriketako Estatu Batuetako Armadak Yemenen igande honetan egindako aire erasoetan, matxino huthiek zabaldutako informazioaren arabera.
Ameriketako Estatu Batuek Yemengo hiru probintzia bonbardatu dituzte, Sana hiriburua barne —Farwah auzoa—.
Halaber, huthien bozeramaile den Al Masirah hedabidearen arabera, Kamarango uhartea (Al Salid eta Ras Issa portuen parean, Itsaso Gorrian) eta Faj Attan mendia ere erasotu dituzte.
Pasa den ostegunean Hodeida portuaren aurkako egindako bonbardaketatan, gutxienez 80 pertsona hil eta 150 zauritu zituen AEBko Armadak.
Azken asteotan AEBk ia egunero bonbardatu du Yemen, Donald Trump presidente estatubatuarrak huthien aurkako "ekintza militar erabakigarria eta irmoa" abiatu ostean.