Mundua -
Aita santuaren heriotza
Aita santuaren hileta larunbatean egingo dute, San Petri plazan
Hala erabaki du kardinalen kongregazioak. Biltzar horri dagokio, halaber, aita santu berria aukeratzeko konklabearen data jartzea (maiatzaren 6tik aurrera izango da, nolanahi ere). Bestalde, bihar bertan eramango dute hilkutxa San Petriren basilikara, fededunek azken agurra eman diezaioten.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Frantzisko aita santua zenaren hileta larunbatean, apirilaren 26an, egingo dute San Petri plazan, Erroman, Vatikanoko Prentsa bulegoak jakinarazi duenez. Elizkizuna 10:00etan abiatuko da, eta Giovanni Battista Re kardinalak zuzenduko du.
Hiletaren data kardinalen kongregazioak erabaki du. Zehaztu dutenez, gainera, pontifizearen hilkutxa bihar, 09:00etan, eraman dutela Santa Marta etxetik San Petri basilikara, eta han paratuko dute hil kapera. Prozesioa Santa Marta eta San Petriren plazetatik igaroko da, eta basilikan ate nagusitik sartuko. Liturgia egin ostean, fededunek azken agurra eman ahalko diote Frantzisko aita santuari.
Aita santua Pazko Astelehenean zendu zen, buruko iktus batek jota. Horrek, gainera, koma egoera eta bihotzeko eta zirkulazioko akats sendaezinak eragin zizkion.
Pontifizearen heriotzaren ostean, Erromako Elizaren kamerlengoak, Kevin Joseph Farrell kardinalak, hartu du Vatikanoaren ardura (atzo, 20:00etan, hartu zuen eginkizun hori), eta hark egin zien dei mundu osoko kardinal guztiei Erromara joateko.
Hileta soilagoa, Bergogliok hala erabakita
Jakina da Frantzisko aita santuaren hileta aurrekoak baino soilagoa izango dela. Izan ere, aita santuak berak iaz erabakita, aita santuen hileten erritualak sinpleagoak izango dira aurrerantzean. Besteak beste, ez dira hiru zerraldo, katafalkorik ezta aita santuen makulurik egongo.
Aita santua zenaren nahia omen zen erritu berrietan are gehiago azpimarratzea aita santua "artzaina zela, Kristoren ondorengoa, eta ez mundu honetako boteretsu bat".
Irizpideoi jarraituta, Frantziskoren gorpua hilkutxa bakar batean jarri dute, egurrezkoa kanpotik eta zinkezkoa barrutik.
Erritualaren aldaketa handietako bat hobiratzean egongo da, Vatikanoko basilikan izan beharrean, Erromako Andre Maria Nagusian egingo baita.
Hileta jendetsua espero da, eta munduko buruzagi nagusiak bertan izango dira.
Era berean, heriotzaren ondotik bederatziurrenak abiatu ditu Vatikanoak. Bederatzi egunez, kardinalek hainbat otoitz eta elizkizun egiten dituzte aita santuaren omenez.
Nazioarteko buruzagiak ere bertan izango dira
Erromarako bidaia baieztatzeko orduan, AEBko presidentea izan da goiztiarrenetako bat. Donald Trump AEBko presidentea Melania emaztearekin joango da. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea ere Erromara joango da, aita santuaren hiletara.
Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia Erromara joango da larunbatean bertan aita santuaren hileta-elizkizunetara. Ursula von der Leyen, Antonio Costa eta Roberta Metsola Europako Batzordearen, Europako Kontseiluaren eta Europako Ganberaren presidenteek baieztatu dute hiletara joango direla. Emmanuel Macron Frantziako presidentea ere bertan izango da.
Maria Jesus Montero eta Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko lehen eta bigarren presidenteordeak, Felix Bolaños Presidentzia, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako ministroa eta Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularreko presidentea Felipe VI .a eta Letizia erregeekin batera joango dira hiletara. Horrela, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ez da ordezkaritzan egongo.
Gilen printzea Erresuma Batuko errege familiaren eta Karlos III.a Erresuma Batuko erregearen ordezkari gisa joango da.
Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidentea Vatikanora joango da hileta-elizkizunera. Bestalde, Javier Milei Argentinako presidente ultraeskuindarra Erromara joango da ostegunean, nahiz eta behin baino gehiagotan Frantzisko kritikatu eta iraindu duen.
Vladimir Putin Errusiako Federazioko presidentea, aldiz, ez da hiletara joanen.
Kardinalak Erroman daude jada
Kardinalen kongregazioak konklabea noiz egingo den zehaztu behar du. Elizgizonak hurrengo aita santuak izan behar duen profila eztabaidatzen hasiak egon behar dira, eta kinieletan badira hainbat izen faborito gisa.
Vatikanoko araudiaren arabera, aita santua hil eta 15-20 egunera egingo da konklabea. Horrenbestez, aukeratutako datak maiatzaren 6-11 tartean izan beharko du.
80 urte baino gutxiagoko kardinalak Kapera Sistinoan bilduko dira, eta aita santu berria aukeratu arte isolatuta egongo dira. Hala, debekatuta dute kanpoaldearekin komunikatzea.
Aita Santu izendatzeko, hautagaiak botoen bi herenen babesa beharko du. Bozketa sekretua da, boto-paperen bidezkoa, eta lau aldiz egiten da egunean (bina goizean eta arratsaldean), eta behar beste egunez egiten da aita santua aukeratu arte.