Mundua -

Palestina

Israelek hondeamakinak eta ura eta zaborra biltzeko kamioiak suntsitu ditu Gazako hainbat tokitan

Defentsa Zibileko lantaldeek gorpuak hondakin artetik ateratzeko eta errepideak garbitzeko erabiltzen zituzten makina horiek. Gazako Defentsa Zibilak salatu duenez, Israel "lan humanitariorako baliabideak suntsitzen ari da".

Al Nazlako Udalaren garajea, Jabalian (Gaza), Israelen erasoaren ondotik. Argazkia: EFE
Al Nazlako Udalaren garajea, Jabalian (Gaza), Israelen erasoaren ondotik. Argazkia: EFE
Al Nazlako Udalaren garajea, Jabalian (Gaza), Israelen erasoaren ondotik. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak 20 bat hondeamakina eta ura, ur zikina eta zaborra garraiatzeko hainbat kamioi suntsitu ditu gaur goizaldean Jabalian (iparraldean), Gaza Hirian (iparraldean) eta Khan Yuniseko (hegoaldean) eraikitzeko enpresa batean.

Jabalian, Israelgo Armadak Al Nazlako udaletxeko garajeren kontra eraso egin du, eta bederatzi hondeamakina suntsitu ditu, Defentsa Zibilak jakinarazi duenez. Egiptok eta Qatarrek osatutako batzordeak laga zituen makinak, Israelek 16 hilabetez egindako erasoek eragindako suntsipena garbitzeko.

Defentsa Zibileko taldeek  gorpuak hondakin artetik ateratzeko eta errepideak garbitzeko erabiltzen zituzten makina horiek, eta larrialdi zerbitzuak Rafah eta Khan Yunis eremuetara hobeto iristeko, Mohamed Al-Mughair Defentsa Zibileko ekipamenduen eta horniduren zuzendariak ohar batean azaldu duenez.

Ura garraiatzeko zisterna-kamioi bat, biltzeko bat, eta ur zikina trinkotzeko beste bat ere suntsitu ditu armada sionistak, baita zabor-kamioi bat eta erregaia garraiatzeko kamioi bat ere.

Gainera, Israelek beste eraso bat egin du Gaza Hirian, eraikuntza enpresa bateko hondeamakina baten kontra, eta Khan Yunisen, beste 6 hondeamakinaren kontra, bertako iturriek jakitera eman dutenez.

Al Nazlako udaletxearen garajea. Argazkia: EFE

Al Nazlako udaletxearen garajea. Argazkia: EFE

Gazako Defentsa Zibilak ohar batean salatu duenez, Israel "lan humanitariorako baliabideak suntsitzen ari da".

Al-Mughairrek gogorarazi duenez, Egiptok eta Qatarrek osatutako batzordeak, dohaintza egitean, Jabaliako garajearen koordenatu geografikoak jakinarazi zituen, Israelgo Armadak horren berri izan zezan.

Gazako Osasun Ministerioak gaur jakitera eman duenez, Israelek 26 pertsona hil ditu igande gauerditik astelehenera arte, eta 20 pertsona gehiago, azken gaueko erasoetan.

Gazako Zerrendako agintarien arabera, 51.250 hildako baino gehiago eta 117.000 zauritu inguru eragin dituzte Israelen erasoek 2023ko urriaren 7tik.

Bestalde, Gazako Osasun Ministerioak Israeli leporatu dio polioaren aurkako txertoak Zerrendan sartzea galarazi izana duela hilabete baino gehiagotik, eta ohartarazi du horregatik 600.000 haur baino gehiago arriskuan daudela Palestinako lurraldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak Ekialde Hurbila Benjamin Netanyahu