Mundua -

Frantzia

Ikasle batek egindako erasoak hildako bat eta hiru zauritu utzi ditu Nantesko institutu pribatu batean

Hildakoa ikaslea da. Zaurituetako bat oso larri dago. Erasotzaileak bi ikasgelatako ikasleen aurka egin du, irakasleek desarmatu eta atxiki aurretik. Erasoaren egilea ez zegoen erradikalizatuta eta ez zuen aurrekaririk, profil depresiboa zuen.

Jendarmeak institutuaren alboan, Nantesen. Irudia: Agentziak
Jendarmeak institutuaren alboan, Nantesen. Irudia: Agentziak
Hildako bat hiru zauritu institutu batean izandako erasoan, Nantesen

0:44

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

15 urteko ikasle batek ikaskide bat hil eta hiru zauritu ditu, gaur, Nantesen (Frantziako mendebaldea), Bigarren Hezkuntzako institutu pribatu batean labanaz egindako erasoan, agintariek jakitera eman dutenez.

Hildakoa ikaslea da. Zaurituetako bat oso larri dago, eta beste biak ez daude hain larri, tokiko hedabideek jakinarazi dutenez.

Erasotzaileak bi ikasgelatako ikasleen kontra egin du, irakasleek desarmatu eta atxiki aurretik. Irakasleek Poliziari entregatu diote erasotzailea, eta atxilotu egin dute.

Alarmak 12:30ean (10:30 GMT) jo du, eta ikasleak erabilera anitzeko gelara eraman dituzte. Ikastetxeak bi solairu dauzka, eta 14 eta 18 urte bitarteko ikasleak dabiltza bertan.

"Mundu guztia ikaratu da", adierazi du ikasle batek. Beste ikasle batek azaldu du ikaskideak negarrez ikusi eta berehala ulertu dutela zerbait larria ari zela gertatzen.

Gertakaria bigarren hezkuntzako institutu pribatu batean gertatu da, Notre Dame de Toutes Aidesen. Erasotzailea bertako ikaslea da.

Profil depresiboa

Erasoaren egilea ez zegoen erradikalizatuta eta ez zuen aurrekaririk; profil depresiboa zeukan, ikerketako iturriek France Info irrati publikoari jakinarazi diotenez.

Ouest France eskualdeko egunkariak adierazi duenez, ikasle batzuek 20 orrialdeko mezu elektroniko arraro bat jaso dute gaur goizean, baina oraindik ez dago argi labankadaren egilearena den.

Testuak "Ekintza immunitarioa" du izenburu, eta, besteak beste, "matxinada lor dezakegun garaipenik handiena da", dio.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Umeak