Mundua -
Gerra Ukrainan
Trump: "Ez nago pozik Errusiak Kievi egindako erasoekin. Vladimir, ASKI DA!"
Agintari estatubatuarrak gaitzetsi egin du Errusiak Kieven aurka misilekin eta droneekin egindako erasoa. "Astean 5.000 soldadu hiltzen dira. Lor dezagun bake akordioa!", gaineratu du handi-mandiak Truth Social sarean.
Agentziak | EITB Media
Donald Trump AEBko presidenteak gorabehera handiekin jarraitzen du bere nazioarteko politikan, eta asteazkenean Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari errieta egin bazion, gaur ohartarazi du ez dagoela pozik Errusiak Ukrainaren aurka egindako bonbardaketekin, eta Vladimir Putin Errusiako homologoari eskatu dio erasoak gelditzeko.
"Ez nago pozik Errusiak Kievi egindako erasoekin. Ez dira beharrezkoak eta une txarrean gertatu dira. Vladimir, ASKI DA! ", idatzi du agintari errepublikanoak Truth Social sarean. "Astean 5.000 soldadu hiltzen dira. Lor dezagun bake akordioa!", gaineratu du Trumpek bere mezuan.
Agintari estatubatuarrak gaitzetsi egin du Errusiak Kieven aurka misilekin eta droneekin egindako erasoa, azken hilabeteetako eraso larrienetakoa.
Ukrainako iturrien arabera, 12 pertsona hil eta 90 zauritu dira Ukrainako hiriburuko hainbat barrutitan, eta etxebizitza eta merkataritza eraikinak suntsitu dituzte, baina Errusiako Defentsa Ministerioak ukatu egin du helburu zibilei eraso egin izana.
Trump Ukrainako gerrari amaiera emateko promesarekin urtarrilean agintera itzuli zenetik, handi-mandiak behin baino gehiagotan egin du gatazkako bi aldeen aurka.
Azken eraso honen bezperan, errepublikanoak berriro leporatu zion Zelenskiri bake negoziazioei oztopoak jartzea, 2014tik okupatuta dagoen Krimeako penintsula lurralde errusiartzat aitortzeari uko egiteagatik.
AEBko komunikabideen arabera, aitorpen hori Etxe Zuriak Ukrainari bake egitasmoaren proposamenaren barruan egin zion eskakizunetako bat izango litzateke.