Mundua -

Palestina

Israelek dagoeneko okupatuta dituen Gazaren inguruko eremuak husteko agindua eman du berriro

Martxoaren 18an Israelek su-etena hautsi zuenetik, 420.000 gazatar baino gehiagok ihes egin behar izan dute indar armatuen erasoen ondorioz, dagoeneko herritarren % 90 desplazatu dituen gatazka armatuan.

Gaza Hiria, Israelek egindako erasoetako baten ondotik. Argazkia: EFE
Gaza Hiria, Israelek egindako erasoetako baten ondotik. Argazkia: EFE
Gaza Hiria, Israelek egindako erasoetako baten ondotik. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak Beit Hanoun eta Sheikh Zayed husteko agindua eman du berriro, Gazako ipar-ekialdean, jadanik tropa sinoistek okupatutako Zerrendaren ondoan, Israelen banalerroaren alboan, bertan "frankotiratzaileen erasoak eta ekintza terroristak" egiten direla argudiatuta.

Horrela, Israelek Gaza Hiriaren mendebaldera "berehala" joateko agindua eman die Gazako herritarrei, eta Hamas erresistentzia palestinarrari egotzi dio desplazamenduaren eta sufrimenduaren erantzukizuna.

Martxoaren 18an Israelek su-etena hautsi zuenetik, Armada sionistak 420.000 gazatar baino gehiago desplazatu ditu berriro. Dagoeneko gatazkak herritarren % 90 (2,1 milioi inguru) desplazatu ditu, UNRWA errefuxiatu palestinarrentzako NBEren agentziaren datuen arabera.

Israelgo Armadak hainbat aldiz agindu du sektore horiek husteko, su-etena hautsi zuenetik. Eremua Israelen kontrolpean dagoen perimetroarekin muga egiten du, Israelen banalerrotik hasi eta Palestinako iparraldean kilometro bat baino gehiagoko sakoneraraino. Israelgo tropek Gazako iparraldean okupatzen duten eremua are gehiago zabaltzearen beldurra areagotzen ari da.

"Ebakuazio" agindupean dauden eremuak eta mugimendu guztiak Armadarekin koordinatu behar diren sektoreak batuta, Israelek 'debekatutako' eremu gisa mantentzen du Zerrendako lurraldearen % 69 inguru, Gai Humanitarioak Koordinatzeko NBEren Bulegoaren (OCHA) arabera.

Mohammed Salha Jabaliako (iparraldea) Al Awda Ospitaleko jarduneko zuzendariak gaur esan duenez, osasun zentroa larrialdi egitasmo bat prestatzen ari da, tropa israeldarrek iparraldean duten nagusitasuna areagotzeko aukera dela eta. Horren ondorioz, Indonesia Ospitalea (Beit Lahia) ixteko arriskua handia da, eta Al Awda eskualdeko zentro bakarra bihurtuko litzateke.

Errefuxiatu palestinarrak jatekoa lortzeko borrokan, Jabalian (Gaza). Argazkia: EFE

Errefuxiatu palestinarrak jatekoa lortzeko borrokan, Jabalian (Gaza). Argazkia: EFE

Sarraskiak ez du etenik

Gutxienez 12 pertsona hil ditu Israelek Jabaliaaren aurka egindako eraso batean, Gazako Zerrendaren iparraldean, Defentsa Zibileko larrialdi zerbitzuak jakitera eman duenez. "Oraindik desagertutako pertsonak hondakinen azpian harrapatuta daude, eta horiek berreskuratzea zaila da, erreskaterako makineriarik ez dagoelako", erantsi du Mahmud Basal Defentsa Zibileko bozeramaileak.

Agintariek oraindik baieztatu gabe duten hildakoen kopurua gutxienez 18koa dela ziurtatu dute bertako iturri medikoek. Bonbardaketak desplazatuak babesten ziren familiaren etxe bat izan du jomuga, Wafa Palestinako albiste agentzia ofizialaren arabera.

Gaza Hiriko Al Yarmouk kalearen aurkako beste bonbardaketa baten ondoren gertatu da erasoa, iparraldean hori ere, eta gutxienez 7 pertsona hil dituzte, tartean haurrak. Israelen bonbardaketek 60 pertsona inguru hil dituzte ostegun honetan Gazan, Zerrendako medikuek jakitera eman dutenez.

Israelek Gaza Hirian egindako erasoetako batean zauritutako adingabe bat. Argazkia: EFE

Israelek Gaza Hirian egindako erasoetako batean zauritutako adingabe bat. Argazkia: EFE

Haur-ospitale bat zerbitzutik kanpo, Israelen eraso baten ondorioz

Gainera, Gazako Zerrendako agintariek gaur jakinarazi dutenez, lurraldearen iparraldean dagoen haur-ospitale bat zerbitzuz kanpo geratu da, asteartean Israelgo Armadak egindako eraso baten ondorioz.

Gazako Osasun Ministerioak ohar labur batean adierazi duenez, Al Durra haur-ospitalea, Gaza hiriaren ekialdean, "zerbitzutik kanpo dago", Israelen erasoetan "kalte larriak" jasan ostean. Dagoeneko 37 dira eraso militar sionisten ondorioz zerbitzutik kanpo dauden ospitaleak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak Ultraeskuina Ekialde Hurbila Benjamin Netanyahu