Mundua -
Aita santuaren heriotza
Erroma gotortuta dute Frantzisko aita santuaren hiletaren bezperan
Frankotiratzaileak, Eurofighter ehiza-hegazkinak, droneen kontrako sistema sofistikatua, eta hegaldirik gabeko eremu zabala. Horiek, besteak beste, segurtasuna bermatzeko prestatu dituzten neurrietako batzuk. Trumpentzat bakarrik babestutako eremu bat ezarri du Italiak.
EITB Media
Frantzisko aita santuaren hileta elizkizunen bezperan (bihar, larunbatarekin, 10:00etan) Italiako hiriburua erabat blindatuta dute segurtasun agintariek.
Italia berebiziko segurtasun erronkaren atarian dago, eta horren erakusle, dispositibo zabala prestatu dute egunotarako. Vatikanoa eta Erroma bera mukuru egotea espero da bihar —200.000 pertsona, lehen estimazioen arabera— eta, gainera, hiletara joango diren 170 nazioarteko ordezkaritza babesteko zeregina ere badute agintariek. Munduko 50 estatuburu eta gobernuburu eta 10 errege-erregina bertaratuko dira.
Dispositiboaren zerrenda luzea da oso: frankotiratzaileak, droneen kontrako punta-puntako sistema, 4.000 bat agente, lehergailuak indargabetzeko taldeak, indar bereziak Tiber ibaian zein ertzetan, Eurofighter ehiza-hegazkinak, Fiumicinoko kostaldean paratuko duten destruktore sofistikatua, hegaldirik gabeko eremu zabala, eta segurtasun kontrol zorrotzak aireportuetan eta tren geltokietan.
Azken urteotako segurtasun dispositibo zorrotz eta zabalenetakoa da honakoa. Ez da gutxiagorako. Nazioarteko buruzagi ugari bilduko dira larunbatean Erroman, tartean, Donald Trump AEBko presidentea. Berarentzat bakarrik segurtasun eremu bat paratuko dute Villa Borghese inguruan. Zirkulazioa oso mugatua izango da, manifestazioak debekatuta egongo dira, eta merkantzia arriskutsuen kamioien zirkulazioa debekatuta egongo da.
Erromara joango dira, halaber, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Volodimir Zelenski Ukrainakoa, eta Javier Milei (Argentina) eta Luiz Inacio Lula da Silva (Brasil) homologoak.
Frantziskoren hileta Vatikanoko San Petri plazan izango dira, eta horren ondotik, Erromako Andre Maria Nagusiaren basilikan ehortziko dute aita santua, berak hala eskatuta. Bi puntu horien artean (6 bat kilometroko tartea) dozenaka mila lagun biltzea espero dute Erromako agintariek. Oraindik ez dute ibilbide zehatza jakinarazi, baina dirudienez, Koliseoa eta Erromako Foroaren paretik igaroko da segizioa.
Vatikanoan bertan, ia dozena bat kale itxita egongo dira, eta Erroman ere etenak espero dira hainbat errepidetan, batez ere AEBko ordezkariak igarotzen direnerako.
Gaur, jaieguna Erroman
Bien bitartean, fededunek aita santua agurtzen jarraitzen dute, hil kapera irekita dagoen hirugarren egunean. Vatikanoak emandako datuen arabera, 128.000 pertsona baino gehiago igaro dira hilkutxaren aurretik. Beilatokia 19:00ak arte egongo da zabalik, eta ordubete geroago egingo dute zerraldoa ixteko erritua.
Pontifizeari azken agurra eman nahi dion orok segurtasun kontrol zorrotza gainditu behar du, eta hala, itxaronaldiak luzeak izaten ari dira, lau ordukoak.
Bart eta gaur goizean ilara luzeak sortu dira San Petri plazaren inguruan, Risorgimiento plazaraino.
Gaurkoa jaieguna da Erroman, faxismoa garaitu zenetik 80 urte betetzen baitira. Urteurrenak Frantzisko aita santuaren heriotzagatik ezarritako dolu egunekin bat egin du aurten. Berez, apirilaren 25eko ekitaldiak, jai girokoak gehienbat, ez dira bertan behera utzi, baina agintariek autokontrolerako deia egin diete herritarrei, heriotzarekiko errespetu keinu gisa.