Mundua -
MERKATARITZA GERRA
AEBn saltzen dituen iPhone gailuen muntaia prozesua Indiara eraman lezake Applek
Multinazionalaren helburua litzateke Estatu Batuetan urtean saltzen dituen 60 milioi iPhone telefonoen muntaia Indian egitea 2026 amaierarako.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak abiatutako merkataritza gerraren albo ondorioak bata bestearen atzetik ari dira ematen. Horietako bat da Apple enpresa estatubatuarraren azken erabakia: AEBn saltzen dituen iPhone gailuen muntaketa prozesua Txinatik Indiara lekualdatzea aztertzen ari da, Financial Times egunkariak argitaratu duenez.
Zabaldutako informazioaren arabera, multinazionalak bere ekoizpen-katea dibertsifikatzeko estrategiaren barruan kokatu urratsa, baina aurreikusitakoa baino "azkarrago" jarriko du martxan prozesua.
Helburua litzateke Estatu Batuetan urtean saltzen dituen 60 milioi iPhone telefonoen muntaia Indian egitea 2026 amaierarako. Egun Txinan ekoizten duen kopuruaren halako bi egin nahi lituzke Indian Applek.
Trumpen Gobernuak % 145eko muga-zergak ezarri zizkien Txinako inportazioei, telefonoak, ordenagailuak eta txipak salbuetsita utzi bazituen ere.
Asteon, JD Vance AEBko presidenteordea Indian izan da bisitan, bi herrialdeon arteko merkataritza hartu-emanetan sakontzeko. Esan zuenez, negoziazioak "bide onetik" doaz, eta bereziki nabarmendu zuen Indiak "bazkide komertzial eta politiko" modura duen "balioa".
Duela bi urte zabaldu zuen Apple enpresak bere lehen saltokia Indiako Bombay hirian.