Mundua -
Vatikanoa
200.000tik gora eliztar bilduko ditu Frantzisko aita santuaren hiletak, 10:00etatik aurrera
130 ordezkaritza ofizial bertaratuko dira. Elizkizuna bukatzen denean, Andre Maria Nagusiaren basilikara eramango dute zerraldoa, Frantziskok berak eskatu zuen bezala, eta han hobiratuko dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Frantzisko aita santuaren hileta elizkizuna 10:00etan hasiko da, Erromako San Petri plazan. Basilikaren elizatean egingo dute meza, eta Giovanni Battista Re kardinala izango du buru hileta liturgiak.
Italiar agintariek egindako kontuen arabera, gutxienez, 200.000 fededun batuko ditu hiletak. Ondoren, Andre Maria Nagusiaren basilikara zuzenduko da segizioa, hilkutxa bertan ehorzteko, Frantziskok berak eskatutakoa betez.
Zure interesekoa izan daiteke: Aita santuak hileta sinpleagoa izango du, Frantziskok berak hala erabakita
50 estatuburu eta 10 errege-erregina
50 estatuburu eta 10 errege-erregina joango dira hileta elizkizunera, Vatikanoaren Vatican News atari ofizialak jakinarazi duenez.
Guztira, 130 ordezkaritza ofizial bertaratuko dira; besteak beste, AEBko presidente Donald Trump, Ukrainako presidente Volodimir Zelenski, eta Argentinako eta Frantziako presidente Javier Milei eta Emmanuel Macron, hurrenez hurren.
Alemaniako estatuburu Frank-Walter Steinmeier ere izango da Erroman, baita Suitzako estatuburu Karin Keller-Sutter ere. Brasilgo presidente Luiz Inacio Lula da Silva, Britaina Handiko lehen ministro Keir Starmer, Alemaniako jarduneko kantziler Olaf Scholz, Europako Batzordeko presidente Ursula Von del Leyen, Europako Kontseiluko presidente Antonio Costa, eta Europako Parlamentuko buru Roberta Metsola ere egongo dira. Espainiako presidentea ez da hiletan izango; bai, ordea, Felipe eta Letizia espainiar errege-erreginak.
Hil eta sei egunera egingo dute pontifizearen hileta. 88 urte zituela zendu zen Erromako patriarka, Vatikanoko Santa Marta etxean, iktus batek jota.
Hileta elizkizuna, laburbilduta
Egundoko jende oldea batuko du Frantziskoaren azken agurrak, Italian. Alde batetik, 200.000 eliztar bilduko dira hiletan, Barne Ministerioak egindako estimazioen arabera. Aita santu berriaren izendapenak, bestalde, are jende gehiago mugituko du, iturri horren esanetan.
Sei kilometroko ibilbidea egingo du segizioak, defuntuaren gorpua San Petritik (Vatikanoa) Andre Maria Nagusiaren basilikaraino eramateko.
3.000 boluntario jarriko ditu lanean zeremonia antolatzeaz arduratuko den Italiako Babes Zibilak. 55 osasun talde egongo dira, baita beste 11 mediku postu ere, eta ohi baino 52 anbulantzia gehiago ibiliko dira hirian.
17 gradu eta eguzkia. Iragarpen hori egin dute goizeko 10:00etarako, nahiz eta termometroa 24 graduraino hel daitekeen eguerdian.
11.000 militar eta segurtasun indarreko langile aterako dira Erromako kaleetara, nazioarteko ordezkaritzek eramandako taldeak zenbatu gabe. Poliziak, mugazainak eta trafiko agenteak izango dira nonahi, bai eta 1.500 soldadu ere.
Frankotiratzaileak, eskuadroiak, lehergailuak desaktibatzeko taldeak eta beste zenbait unitate ere ikusiko dira Erromako kaleetan, "hiletan zein entierroan arazorik egon ez dadin".
Antzina pontifizeek egin ohi zuten bidearen (Via Papalis) zati bat hartuko du ibilbideak.
Erromako gotzainak zeremonia horrekin egin ohi zuen, garai batean, bere lehen ekitaldi ofiziala.
Bada, ibilgailu batean eramango dute hilkutxa, eta atzetik joango dira kardinalak, autoz. Gainerako ibilgailuek ez dute inguru horretan ibiltzerik izango, trafikoa itxiko baitute.
Ibilbidean zehar, lau pantaila erraldoi jarriko dituzte, sinestunek hileta elizkizuna ikus dezaten.
Hiletarako protokoloa
Nekeza da egoera ezerosorik ez sortzeko egin beharreko lan diplomatikoa. Frantsesez deituko dituzte agintariak, alfabetikoki.
Nazioarteko ordezkaritzak plazaren eskuineko aldean kokatuko dira; eta kardinalak ezkerreko partean.
Vatikanoaren protokoloak dio lehen lerroak estatuburuentzat direla, eta lehentasuna duela Italiako ordezkaritzak (Sergio Mattarella presidenteak eta Giorgia Meloni lehen ministroak) eta Argentinakoak —Frantzisko aita santuaren sorterria—, Javier Milei buru. Errege-etxe katolikoetako ordezkariak ere lehen lerroan jar daitezke.
Liguria eskualdeko marmolezko hilobia
"Franciscus" idazkuna izango du idatzita aita santuaren hilobiak, eta bularraldean zeraman gurutzearen irudi bat grabatuta, Vatican Newsen arabera.
Frantziskok berak adierazi zuen Liguria eskualdeko haitzurdinarekin egindako hobia nahi zuela, bertakoak baitziren bere aiton-amonak. Horrez gain, azken-nahian adierazi zuen bere hobia "lurrean" nahi zuela, "apaingarririk gabe" eta "xume".
Kapera Sistinoa itxita egongo da astelehenetik aurrera
Datorren astelehenean, hilaren 28an, Vatikanoko Kapera Sistinoa itxiko dute, Frantzisko aita santuaren ondorengoa aukeratuko duen konklabea prestatzeko.
Bederatzi eguneko dolua bete ostean deituko dute konklabea, asko jota hil zen egunetik 20 egunera (maiatzaren 5 eta 10 bitartean, aurreikusi dutenez).