Mundua -
Gerra Ukrainan
Putinek eta Witkoffek uste dute azken bilerak "jarrerak gehiago hurbiltzeko" balio izan duela
Donald Trump AEBko presidentearen ordezkaria eta Errusiako agintaria hiru orduz izan dira aurrez aurre Moskun, azken bilera egin eta bi astera. Gaurkoa bien arteko laugarren batzarra izan da.
Agentziak | EITB Media
Vladimir Putin presidenteak eta Donald Trump AEBko presidentearen ordezkari bereziak, Steve Witkoffek, gaur Moskun egin duten azken bilerak "Errusiaren eta AEBren jarrerak hurbiltzeko" balio izan duela azpimarratu dute buruzagi errusiarrek.
"Errusiaren eta Ameriketako Estatu Batuen jarrerak hurbiltzeko aukera eman digu elkarrizketak, ez bakarrik Ukrainari buruz, baita nazioarteko beste gai batzuen inguruan ere", nabarmendu du Yuri Ushakov Putinen atzerri politikako aholkulariak.
Witkoff eta Putin hiru orduz egon dira aurrez aurre gaur, azken bilera egin eta bi astera. Gaurkoa bien arteko laugarren batzarra izan da dagoeneko, eta Washingtonen frustrazio gero eta handiagoaren erdian gertatu da, orian arte Ukrainarekin bake negoziazioetan aurrerapauso esanguratsurik eman ez delako.
Washingtonek eta Moskuk bilera horiek positibotzat jo dituzten arren, bake prozesuan ezer gutxi aurreratu da Trumpen ezintasun nabarmenaren aurrean. Izan ere, azken egunetan Trumpek bi aldeei leporatu die beharrezko guztia ez egitearen errua.
Ushakovek aurreratu du horrelako topaketak "modu aktiboagoan" egiten jarraituko dutela, emaitza "emankorrak" lortzen ari direlako. "Hiru orduko elkarrizketa izan da, konstruktiboa eta oso probetxugarria", adierazi du.
Azkenik, bilera horren "sinbolismoa" nabarmendu du; izan ere, tropa sobietarrek eta estatubatuarrek Elba ibaian elkartu zireneko 80. urteurrenean gertatu da. II. Mundu Gerraren amaieran bi armadek topo egin zuten Alemaniako eremu horretan.
"Topaketa hura denek ezagutzen dute. Nazismoaren aurkako borrokan gure bi herrialdeen aliantza militarra sinbolizatzen du", gogorarazi du.
Negoziazioak Moskuren eta Kieven artean
Gainera, Errusiako presidentea Ukrainarekin bakea zuzenean negoziatzeko prest agertu da, 2022ko martxotik gertatzen ez den bezala. "Besteak beste, Errusiako eta Ukrainako ordezkarien arteko zuzeneko negoziazioei berriro heltzeari buruz hitz egin dugu", esan du Ushakovek.
Horrela, Putin prest agertu da aste honetan Kievekin harreman zuzenak izateko, azpiegitura zibilaren aurkako erasoetan 30 eguneko balizko su-eten bati buruz hitz egin baitu, Zelenskik proposatuta.
"Hori guztia zehatz-mehatz aztertu behar da, baita aldebiko mailan ere", adierazi du. "Aldebiko" hitzak era guztietako espekulazioak eragin ditu, bake negoziazioei berehala ekiteko aukeraren inguruan.
Moskurentzako eta Kieventzako marra gorria lurraldeak lagatzea da, 1.150 eguneko gudaren ostean. Izan ere, Zelenskik Trumpen planak zapuztu zituela zirudien, aste honetan bertan Krimeako penintsula, 2014an anexionatua, errusiar lurralde gisa onartzeari uko egin ziolako. Gainera, Errusiak dio 2022an anexionatutako beste lau eskualdeak (Donetsk, Luhansk, Jerson eta Zaporizhia) negoziaezinak direla.
Bestalde, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak Ukrainaren "eraso terrorista" salatu du gaur, Errusiako Estatu Nagusiko jeneral bat hil baitute bonba-auto bat leherrarazita Moskutik gertu.