Mundua -

Vatikanoa

Frantziskok, "jendearen erdian" zegoen aita santuak, agur jendetsua jaso du

140 ordezkaritza ofizial eta 400.000 fededun bertaratu dira San Petri plazara. Elizkizuna bukatuta, Andre Maria Nagusiaren basilikara eraman dute zerraldoa, Frantziskok berak eskatu zuen bezala, eta han hobiratu dute.

San Petri plaza, jendez lepo. Argazkia: EFE
San Petri plaza, jendez lepo. Argazkia: EFE
Frantzisko I.a, ''bihotza denentzat zabalik izan zuen aita santua'', agurtu dute Erroman

0:43

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsonak bete dute Vatikanoko San Petri plaza, Frantzisko aita santuaren hileta bertatik bertara jarraitzeko, eta plazara daraman Kontziliazioaren Etorbidean 100.000 pertsona inguru batu dira ekitaldia gertutik jarraitzeko. Mezaren ostean, aita santuaren zerraldoa ibilgailu egokitu batean eraman dute, Erroma erdiguneko kaleak zeharkatuz, Andre Maria Nagusiaren basilikara, bertan ekitaldi intimo batean hobiratzeko.

Frantzisko aita santuaren hileta elizkizuna 10:00ak pasatxo hasi da, Erromako San Petri plazan, kardinalek aita santuaren zerraldoa plazara atera dutenean. Txalo artean jaso dituzte bertaratutako guztiek.

Zerraldoaren gainean ebanjelioa jarri dute, irekita, eta San Petrin isiltasun erabatekoa nagusitu da, kardinalek euren lekua hartzen zuten bitartean. 750 gotzain eta apaiz ere izan dira bertan. Agintariak eta mundu osoko 120 ordezkaritza ofizial plazaren eskuinaldean kokatu dira. 

Mezaren hasieran bibliako pasarteen irakurketak eta koruaren abesti liturgikoak tartekatu dira.

Basilikaren elizatean egin dute meza, Giovanni Battista Re kardinala buru zela.

Italiar agintariek egindako kontuen arabera, gutxienez, 400.000 fededun batu ditu hiletak. Ondoren, Andre Maria Nagusiaren basilikara zuzendu da segizioa, hilkutxa bertan ehorzteko, Frantziskok berak eskatutakoa betez.

Giovanni Battista Re kardinalen kolegioko dekanoak mezan adierazi duenez, Frantzisko aita santua "jendearen erdian zegoen aita saantua izan zen, bihotza denei irekita zuena"; gerren aurka eta migratzaileen eta baztertutako pertsonen alde ahotsa altxatu zuela ere nabarmendu du, "ateak beti irekita" dituen Eliza bat sustatu zuela eta, "mundu osoa bedeinka dezala" eskatu dio.

"Berehala bere nortasun sendoaren arrastoa ezarri zuen Elizaren gobernuan, herritarrekin harreman zuzena ezarriz, guztiengandik hurbil egoteko irrikaz, zailtasun handiko pertsonei arreta nabarmena eskainiz", esan du 91 urteko Re-k, larunbat honetan, hiletaren homilian.

Gainera, Volodimir Zelenski eta Donald Trump Ukrainako eta AEBko presidenteen aurrean nabarmendu duenez, "hainbeste gerra, izugarrikeria anker, heriotza eta suntsiketaren aurrean", Frantzisko aita santuak "bakea eskatuz ahotsa altxatu" izan zuela gogorarazi du. Une horretan, hiletara bertaratu diren fededunek homilia eten dute, txalo artean.

Era berean, Frantziskok migratzaileekiko zuen ardura eta Lampedusara egindako lehen bidaia ere aipatu ditu abadeak, eta harresiak eraisteko deia egin du.

Hil eta sei egunera egin dute pontifizearen hileta. 88 urte zituela zendu zen Vatikanoko burua, Santa Marta etxean, iktus bat izanda.

Frantzisko aita santuaren hilkutxaren aurrean azaldu dira nazioarteko buruzagi ugari, hiletaren aurretik
Frantzisko aita santuaren hilkutxaren aurrean azaldu dira nazioarteko buruzagi ugari, hiletaren aurretik
Frantzisko aita santuaren hilkutxaren aurrean azaldu dira nazioarteko buruzagi ugari, hiletaren aurretik

0:37

50 estatuburu eta 10 errege-erregina

50 estatuburu eta 10 errege-erregina joan dira hileta elizkizunera.

Guztira, 140 ordezkaritza ofizial bertaratu dira; besteak beste, AEBko presidente Donald Trump, Ukrainako presidente Volodimir Zelenski, eta Argentinako eta Frantziako presidente Javier Milei eta Emmanuel Macron, hurrenez hurren.

Alemaniako estatuburu Frank-Walter Steinmeier ere izan da Erroman, baita Suitzako estatuburu Karin Keller-Sutter ere. Brasilgo presidente Luiz Inacio Lula da Silva, Britaina Handiko lehen ministro Keir Starmer, Alemaniako jarduneko kantziler Olaf Scholz, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen, Europako Kontseiluko presidente Antonio Costa, eta Europako Parlamentuko buru Roberta Metsola ere bertaratu dira. Espainiako presidentea ez da hiletan izan; bai, ordea, Felipe eta Letizia espainiar errege-erreginak.

Féretro. Foto: EFE

Féretro. Foto: EFE

Antzina pontifizeek egin ohi zuten bidearen (Via Papalis) zati bat hartu du ibilbideak.

Erromako gotzainak zeremonia horrekin egin ohi zuen, garai batean, bere lehen ekitaldi ofiziala.

Ibilbidean zehar, lau pantaila erraldoi jarri dituzte, sinestunek hileta elizkizuna ikus zezaten. Gainera, "papamovil" egokitu batean eraman dute, fededunek zerraldoa ikusi ahal izateko.

Liguria eskualdeko marmolezko hilobia

"Franciscus" idazkuna izango du idatzita aita santuaren hilobiak, eta bularraldean eramaten zuen gurutzearen irudi bat izango du horman, Vatican Newsen arabera.

Frantziskok berak adierazi zuen Liguria eskualdeko haitzurdinarekin egindako hobia nahi zuela, bertakoak baitziren bere aitona-amonak. Horrez gain, azken nahian adierazi zuen bere hobia "lurrean" nahi zuela, "apaingarririk gabe" eta "xume".

Foto: EFE

Foto: EFE

Kapera Sistinoa itxita egongo da astelehenetik aurrera

Datorren astelehenean, hilaren 28an, Vatikanoko Kapera Sistinoa itxiko dute, Frantzisko aita santuaren ondorengoa aukeratuko duen konklabea prestatzeko.

Bederatzi eguneko dolua bete ostean deituko dute konklabea, asko jota hil zen egunetik 20 egunera (maiatzaren 5a eta 10a bitartean, aurreikusi dutenez).

Frantzisko aita santuaren ondorengoa aukeratzeko konklabearen gakoak
Frantzisko aita santuaren ondorengoa aukeratzeko konklabearen gakoak
Frantzisko aita santuaren ondorengoa aukeratzeko konklabearen gakoak

3:45
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Aita santua Eguneko albisteak Albisteak Italia Erroma Eliza Katolikoa