Mundua -
VATIKANOA
Trump, Zelenskirengandik eta Macronengandik gertu, aita santuaren omenezko mezan
Felipe VI.a Espainiako erregea AEBko presidentearengana gerturatu da, agurtzera. 60 estatuburu eta gobernuburu baino gehiago, eta 140 ordezkaritza ofizial bertaratu dira.
agentziak | eitb media
Donald Trump AEBko presidentea, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, Javier Milei Argentinakoa, Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgoa eta Espainiako errege-erreginak dira Frantzisko I.aren hiletan bertaratu dira estatuburu eta gobernuburuetako batzuk.
San Petri plazan egon dira, era berean, Giorgia Meloni Italiako presidentea, Keir Starmer Britainia Handiko lehen ministroa, Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Ursula Von der Leyen Europako Kontseiluko presidentea eta Antonio Costa Europako Kontseilukoa, beste batzuen artean.
Izan ere, 60 estatuburu eta gobernuburu eta nazioarteko 140 ordezkaritza ofizial eseri dira agintarien eserlekuetan Frantzisko I.aren omenezko mezetan.
Eserlekuak ez dituzte ausaz aukeratu, eta protokolo zehatz batean oinarrituta banatu dituzte: herrialdeen izenak, frantsesez, alfabetikoki ordenatuta.
Hala, Melania Trumpengandik bi eserlekura Felipe VI. Espainiako erregea zegoen, Letizia erreginaren aldamenean, Espainiaren ordezkaritzaren buru.
Bost presidente latinamerikar joan dira guztira: Javier Milei argentinarra, Luiz Inacio Lula da Silva brasildarra, Daniel Noboa ekuadortarra, Luis Abinader dominikarra eta Xiomara Castro hondurarra.
Milei, Frantziskoren herrikidea, lehenengo lerroan eseri da, Giorgia Melonirekin batera, hiletaren protokoloari jarraituz.
Hutsuneen artean, ez da Mexikoko, Kolonbiako, Txileko, Peruko, Uruguaiko, Boliviako, Kubako eta Venezuelako agintari gorenik izan.
Agintariak ez ezik, bestelako pertsona ezagunak bertaratu dira. Horien artean dago Julian Assange kazetari eta ekintzailea. "Julianen aurkako jazarpenean aita santuak emandako babesa eskertzera" joan direla azaldu du bere emazteak X sare sozialean, eta preso zegoenenean Frantziskok "Vatikanoan asiloa ematea" proposatu ziola gogorarazi du.