Mundua -
AEB - UKRAINA
Trumpek eta Zelenskik bilera "oso emankorra" egin dute Erroman, Frantzisko aita santuaren hiletaren aurretik
Ukrainako presidenteak "historikotzat" jo du batzarra. Zelenskik Trumpek planteatutako bake baldintzak onartzeko orduan duen erreparoa dela eta, bi herrialdeen arteko harremanak tirabiratsu izaten ari diren une batean gertatu da.
Agentziak | EITB Media
Donald Trump AEBko presidenteak bilera "oso emankorra" egin du Erroman Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin, Frantzisko aita santuaren hiletara joan baino lehen, San Pedro plazan, Etxe Zuriak iragarri duenez.
Bestalde, Zelenskik "historikotzat" jo du bilera, mintzagai izan dituzten gaien inguruan espero diren emaitzak lortuz gero.
"Bilera ona. Aurrez aurre asko hitz egin dugu. Emaitzak espero ditugu. Gure jendearen bizitzak babestea. Su-eten osoa eta baldintzarik gabekoa. Bake sendoa eta iraunkorra, beste gerra bat saihesteko. Bilera oso sinbolikoa, historikoa izan daitekeena, emaitza bateratuak lortuz gero. Eskerrik asko ", idatzi du Zelenskik bere sare sozialetan.
Sergii Nikiforov Ukrainako Presidentetzako bozeramailek eman du aurrena bien arteko bilera honen berri.
AEBko presidenteak ostiralean aurreratu zuen Zelenskirekin biltzekoa zela Erroman, Frantzisko ai6ta santuaren hilertaren aurretik.
Zelenskik Trumpek planteatutako bake baldintzak onartzeko orduan duen erreparoa dela eta, bi herrialdeen arteko harremanak tirabiratsu izaten ari diren une batean gertatu da bilera hau.
Halaber, Trumpek bere atsekabea adierazi du egunotan Ukrainak akordio ekonomikoa sinatzeko prozesuan izan duen moteltasunagatik.
Scholz eta Trump Erroman bildu dira aita santuaren hileta baino lehen
Olaf Scholz Alemaniako jarduneko kantzilerrak elkarrizketa labur bat izan du Donald Trump AEBko presidentearekin, Frantzisko aita santuaren hileta elizkizunetik kanpo, DPA albiste-agentziatik baieztatu dutenez.
Iturri horien arabera, elkarrizketa San Pedro basilikan izan da, eta Trumpek urtarrilean bigarren agintaldia hartu zuenetik izan duten lehen kontaktua izan da.
Erromara egindako bidaian Trumpekin izan diren kazetari estatubatuarrek eman dute bilera horren berri, eta horiekin batera bildu dira, azaldu dutenez, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea eta Luiz Montenegro Portugalgo lehen ministroa.
Hasiera batean, Von der Leyenen gertuko iturriek ez dute Trumpekin izandako elkarrizketa baieztatu.