Mundua -
Vatikanoa
Frantzisko Santa Maria Nagusiaren basilikan dago jada, betiko atseden hartuko duen tokian
Irekia eta jendetsua izan den hileta-elizkizuna ez bezala, ehorzketa pribatua izan da; erlijiosoak, familiakoak eta ingurukoenak baino ez dira izan bertan. Larunbat honetatik aurrera bederatzi eguneko doluaren ondoren, konklabea deitu ahal izango da, maiatzaren 5etik 10era bitartean hasiko dena.
Agentziak | EITB Media
Frantzisko aita santuaren gorpua Santa Maria Nagusiaren basilikan dago jada, betiko atseden hartuko duen tokian lurperatuta, beste zazpi aita santurekin batera. Aita santuaren gorpua zeraman segizioa 13:00ak aldera iritsi da tenplura, larunbat honetan, apirilak 26, Vatikanoan hileta-meza egin ostean.
Hiletan ez bezala (mundu osoko liderrak eta milaka fededun izan dira bertan), ehozketa zeremonia pribatua izan da, eta kardinalak eta gotzainak, hilkutxaren eramaileak eta zenbait erlijioso izan dira bertan.
Tenplura sartu aurretik, behartsuen edo baztertutako komunitateetako ordezkariek osatutako 40 bat pertsonako talde bat zain zuen eskaileretan, pobreak, presoak, transexualak, etxerik gabekoak eta migratzaileak eta pertsona horiekin lan egiten duten elkarteetako ordezkariak tartean, bakoitzak arrosa zuri bat eskuan zuela.
Basilikan sartu aurretik, Frantziskoren burua Ama Birjinaren irudiari begira jarri dute, errespetua adierazteko. Ondoren, haur batzuek lore zuridun saskiak eraman dituzte kaperako aldarera.
Kevin Farrell kamarlengoak zuzendu du ehorzketa, eta senideak eta Frantziskoren hurbilekoak bakarrik izan dira bertan, baita aita santuak aukeratutako talde bat ere.
Frantziskok adierazia zuen Santa Maria Nagusiaren basilikan lurperatua izan nahi zuela, ez Vatikanoan, 2023ko abenduan egindako elkarrizketa batean aurreratu zuen bezala. Bertan ziurtatu zuenez, "prest" zegoen lurperatuko zuten tokia, Erromako Santa Maria Nagusiaren basilikan; hau da, Vatikanotik kanpo.
"Ama Birjinari beti agindu izan diodan bezala, prest dago lekua. Santa Maria Nagusian lurpera nazaten nahi dut", zehaztu zuen. Horrela, azken 120 urteetan Vatikanotik kanpora atseden hartuko duen lehen aita santua da Frantzisko.
Erromako lau basilika nagusietako bat den Santa Maria Nagusiaren basilikan lurperatua izateko arrazoiei buruz, aita santuak bere "debozio handiagatik" dela azaldu zuen. "Bai, nire debozio handia delako, nire debozio handia. Eta lehenago, Erromara etortzen nintzenean, beti joaten nintzen hara igande goizetan, tartetxo batean. Lotura oso handia dut", nabarmendu zuen.
Ez alferrik, aita santu izendatu eta hurrengo egunean bertan, Frantzisko aita santua basilika horretara joan zen otoitz egitera, goizeko lehen orduan, eta hara joan izan da otoitz egitera bidaia apostoliko bat egin duen bakoitzean, joan aurretik eta bidaiatik itzuli ondoren.
Frantzisko aita santuaren hilkutxaren gainean inprimatu ditu Kevin Joseph Farrell Erromako Elizako kardinal kamarlengoak Aita Santuaren Etxeko Prefekturako, Aita Santuaren Ospakizun Liturgikoen Bulegoko eta Liberiako Kapituluko zigiluak. Ondoren, hilkutxa hilobian jarri eta ur bedeinkatuaz busti dute, zeremonia pribatu batean.
Azkenik, Liberiako Kapituluko notarioak azken akta idatzi du, ehorzketa ziurtatzeko, eta bertaratutakoei irakurri die. Kardinal kamarlengoak, Leonardo Sapienza Aita Santuaren Etxeko arduradunak, Diego Ravelli Liturgi Ospakizunetako maisuak eta notarioak sinatu dute akta.
Konklabea, bederatzi eguneko doluaren ondoren
Frantzisko aita santuaren heriotza dela eta, bederatzi dolu-egun ezarri ditu Vatikanoak, larunbat honetan bertan hasita. Datozen egunetan, maiatzaren 4ra bitartean, mezak ospatuko dituzte San Petri basilikan. Igande honetan izan da lehena, 10:30ean, basilikaren kanpoaldean, Vatikanoko langileak eta fededunak ere bertan direla, eta Pietro Parolin Vatikanoko Estatu idazkariak gidatuko du.
Astelehenean, 17:00etan, Erromako Elizbarrutirako bikario nagusia, Baldassare Reina, izango da meza zuzentzeko arduraduna Erromako Elizan, eta asteartean, ordu berean, Aita Santuaren Basilikako artzapezak, Mauro Gambettik, Aita Santuaren Basiliken Kapituluak parte hartuko duen zeremonia zuzenduko du.
Asteazkenean, Leonardo Sandri Kardinalen Kolegioko dekanordea izango da Aita Santuaren Kaperako meza emango duena, eta ostegunean kamarlengoak, Kevin Joseph Farrellek, beste bat zuzenduko du Kuriarekin batera. Ostiralean, Ekialdeko Elizetarako Dikasterioko prefektu Claudio Gugerotti izango da beste zeremonia baten buru; larunbatean, berriz, Angel Fernandez Artime kardinala izango da gidari, Bizitza Kontsakratuko Institutuetako eta Bizitza Apostolikoko Elkarteetako kideekin batera egingo den mezan.
Dolu-aldiko azken meza igandean izango da, maiatzaren 4an, 17:00etan, Dominique Mamberti kardinalak zuzenduta, Aita Santuaren Kaperan, Egoitza Santuak argitaratutako ohar baten arabera.
Horrela, astelehenean 88 urte zituela hil zen aita santuaren hileta-mezak bederatzi eguneko dolu-aldiaren hasiera markatzen du. Dolu-egun horiek aita santu zenaren omenezko mezek markatuko dituzte. Behin bederatzi eguneko tartea pasata, kardinalen konklabea deitu ahalko da Frantziskoren ondorengoa aukeratzeko, hura hil eta gehienez 20 eguneko epean, hau da, maiatzaren 5a eta 10a bitartean.