Mundua -
Gazako zerrenda
"Erabateko" gatibu trukea eskaini dio Hamasek Israeli, eta bost urteko menia eskatu dio ordainetan
Adierazpen horiek egiten zituen bitartean, Hamaseko ordezkaritza bat Kairora bidean zen. Han, Egiptoko bitartekariek "su eten baterako akordio integral bat" eskaini diote Hamasi.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hamasek "erabateko" gatibu trukea egiteko proposamena jarri dio mahai gainean Israeli. Trukean, bost urteko menia eskatu dio, Gazan su eten iraunkorra lortzeko asmoz, eta betiere, Israelgo Armadak Zerrendatik alde egiten badu.
Anonimotasunean, Hamaseko goi kargu batek Al Mayadin telebista kateari azaldu dio "Hamas epe luzerako su eten baterako prest" dagoela, baldin eta horretarako bermeak baditu. "Israelek Gazatik ihes egiten duenean, laguntza iristen denean eta gure herria berriro eraikitzen hasten garenean, orduan izango ditugu behar ditugun bermeak", esan du.
Horrekin batera, Hamaseko ordezkariak batzorde politiko baten eraketa agindu du, "Gazako gaiak" kudeatze aldera, eta, etorkizunera begira, "talde palestinarren arteko nazio akordio bat" defendatu du.
Adierazpen horiek egiten zituen bitartean, Hamaseko ordezkaritza bat Kairora bidean zen. Han, Egiptoko bitartekariek "su eten baterako akordio integral bat" eskaini diote Hamasi.
Segurtasun ordezkari egiptoar baten hitzetan, "Nazioarteko bermeak dituen eta gerrari amaiera emango dion akordio bat proposatu dio Egiptok Hamasi".
Astebetean bi aldiz joan da Egiptora negoziazioetan parte hartzen ari den taldea. Iazko urrian, Gazan, Yahya Sinwar burua hil zutenetik, Jaled Mishaal, Jalid al Haya, Zaher Jabareen eta Nizar Awadala ari dira negoziazio lanetan, Hamasek ohar batean argitu duenez.