Mundua -
AITA SANTUAREN HERIOTZA
Milaka pertsona izan dira igande honetan Andre Maria Nagusiaren basilikan, Frantziskoren hilobia ikusten
200.000 gazte inguru bildu dira San Petri plazan, Pietro Parolin kardinalak eman duen Nerabeen Jubileuaren meza entzuteko. Kardinalek, berriz, bilerak egiten jarraituko dute astelehen honetan, konklabea prestatu eta data jartzeko.
agentziak | eitb media
Erromako Andre Maria Nagusiaren basilikak ateak irekita izango ditu gaurtik aurrera, fededunek Frantzisko aita santuaren hilobia bisita dezaten. Atzo hobiratu zuten bertan, San Petri plazan hileta jendetsua egin ostean. 07:00etan ireki dute basilika, eta lehen orduetan 60.000 pertsona igaro dira bertatik. Batez beste, ordubete eta bi ordu bitarteko ilarak izan dira bertan.
Jende-oldea dela eta, basilikarako sarbidea 10:30 aldera blokeatu da, tarte batez. La Stampak jakitera eman duenez, jende "gehiegi" pilatu da, eta azkar erretiratzeko eskatu diete hobia ikusita zutenei, "milaka pertsona daudelako kanpoan sartzeko ilaran".
Arratsaldean, 16:00etan, kardinalen bisita izan da: Ate Santutik igaro, eta prozesioa egin dute Frantziskoren hilobira, bertan errezatzeko. Hain zuzen ere, kardinalek astelehen honetan jarraituko dute kongregazio nagusiekin —konklabea prestatzeko bilerekin, alegia—, eta beharbada astelehen honetan bertan ezarriko dute konklabearen hasiera-data.
Gaur, 18:30era arte utzi behar zieten bisitariei, orokorrean, basilikara sartzen, baina zegoen jendetza ikusita, 20:00etan irekita zegoen tenplua.
Hilarri xumea
Aita santuak Liguriako marmolez egindako hilarria eskatu zuen, arbaso italiarrak hangoak ziren eta, "Franciscus" besterik ez dakar idatzia harriak, latinez.
Berak idatzitako testamentuan agertzen denez, ongile ezezagun batek ordaindu du hobiratzearen kostua.
Frantziskok hilobi apala eskatu zuen, zoruan, eta dekoraziorik gabe, 'Salus Populi Romani' izenarekin ezagutzen den Andre Mariaren ikonoaren ondoan, haren oso zalea zelako, eta askotan joaten zelako bertara errezatzera.
200.000 gazte bildu dira San Petri plazan, Nerabeen Jubileuaren mezatara
Bestalde, 200.000 gazte inguru bildu dira igande honetan San Petri plazan Nerabeen Jubileuaren mezatara. Pietro Parolin kardinalak eman du meza, eta fededunei esan die bila dezatela "Kristoren erruki amaigabea, munduan bakea lortzeko".
Frantzisko aita santuaren aldeko bederatzi eguneko doluaren bigarren egunean, eguzki betean zegoen plazan eman du meza 70 urteko kardinalak, eta gaurko ebanjelioak dakarrena izan du hizpide sermoian. Pazkoko pozari heltzeko eskatu die, baita galeraren min gorrian ere, eta Jesusek "bizitzeko adorea" ematen digula gogorarazi.
Gainera, Frantziskoren figura eta hark irakatsitakoak azpimarratu ditu. "Maitasuna egun hauetan agertzen ari da, eta ez da momentu bateko emozio huts gisa geratu behar. Haren ondarea hartu eta gure bizitzaren parte egin behar dugu, Jaungoikoaren errukira irekiz eta gure artean ere errukitsuak izanez", esan die.
Frantzisko aita santuak honakoa esan die gazteei bideo batean: "Ikasi entzuten, lagundu bakeari"
Gaur, hain zuzen ere, Oggi astekariak aita santuak urtarrilean gazteentzat grabatu zuen bideo bat argitaratu du, Erromako Nerabeen Jubileuaren amaierarekin bat eginez. "Ikasi entzuten, lagundu bakeari", esan die bertan.
"Gazte maiteok! Bizitzako gauzarik garrantzitsuenetako bat entzutea da, entzuten ikastea. Norbaitek hitz egiten dizuenean, itxaron amaitu arte, ondo ulertzeko (...) garrantzitsuena entzutea da", adierazi die aita santuak bideoan. Irudiak telefono mugikor batekin grabatu zituen Santa Marta etxean ostatu hartuta zegoen kide batek, eta bertako gela batean eserita ageri da aita santua.
Arropa informala soinean, aitona-amonak ere ez ahazteko eskatu die gazteei Frantziskok; izan ere, "aitona-amonek asko irakasten digute".