Mundua -
Hauteskundeak Kanadan
Prest da Kanada asteleheneko hauteskundeetarako, Carney ofizialista faborito dela
Justin Trudeau lehen ministroak albo batera egin izanak, Donald Trump presidentearen mehatxuek eta asteburuan Vancouverren izandako harrapaketa masiboak markatutako hitzordua izango da. Parte-hartze aurreratuak marka guztiak hautsi ditu, 7,3 milioi hauteslek (28 milioitik) bozkatu dute dagoeneko.
EITB Media
Hauteskunde orokor aurreratuak ospatuko dituzte astelehen honetan Kanadan. Justin Trudeau lehen ministroak albo batera egin izanak, eta, bereziki, Donald Trump AEBko presidenteak Kanadarekiko hartu duen jarrerak markatutako hitzordua izango da.
Izan ere, Trumpek behin baino gehiagotan aipatu izan du azkenaldian Kanada AEBren 51. estatu bihurtzearen aukera, eta, horrek, noski, bi herrialdeen arteko hamarkadetako harreman adeitsua kolokan jarri du. Giroa nahasten lagundu dute, halaber, Trumpek Trudeauren aurka egindako etengabeko erasoek eta ezarritako muga-zergek ere.
Hauteskunde-hitzordua, gainera, Vancouverren izandako harrapaketa masibotik ordu gutxira izango da. Ez da erraza aurreikustea, baina, zenbaterainoko eragina izango duen atzoko gertakariak bozketan.
Gutxi gorabehera 28 milioi kanadarrek dute botoa emateko eskubidea asteleheneko hauteskunde orokorretan, eta Parlamentuko Behe Ganberako 343 diputatuak aukeratuko dituzte. Eredu britainiarrean oinarrituta, kanadarrek ez dute zuzenean lehen ministroa nor izango den bozkatzen, nork bere barrutiko Komunen Ganberako diputatuak baizik. Eserleku gehien dituen alderdiari gobernua osatzeko gonbitea egiten zaio gero, eta alderdiaren buruzagiari Gobernuaren gidaritzan jartzekoa.
Aurten, deigarria da aurrez botoa eman dutenen kopurua; izan ere, 7,3 milioi pertsonak baino gehiagok eman dute dagoeneko botoa, 2021eko hauteskundeetan baino % 25 gehiagok.
Alderdi Liberaleko Mark Carney lehen ministroak eserlekuan jarraitzeko ahalegina egingo du. Martxoan hartu zuen kargua Carneyk, Trudeauk albo batera egitea erabaki eta liberalak hari-harian utzi zituenetik bi hilabetera.
Lehen ministroak bost puntuko aldea atera dio Pierre Poilievre kontserbadoreari azken inkestetan. Beraz, ez da baztertzen Parlamentuko gehiengoa emango lioketen 172 eserlekuak lortzea, CBC Kanadako telebista publikoak egindako inkesta baten arabera.
Parlamentuak gehiengoa lortu ezean, alderdi bozkatuenak 'konfiantza- eta hornidura-akordioa' bilatu beharko du beste alderdi batekin. Koalizioa barik, aliantza informal moduko baten alde egitea da litekeena; horren bidez, gobernuaren kide den alderdiaren oniritzia lortu beharko luke legeak onartzeko, eta legedia garrantzitsuagoetan —hala nola Gobernuaren aurrekontuetan— maniobra-marjina txikiagoa izango luke.
Bi hautagai nagusien oso atzetik dago inkestetan Jagmeet Singh Alderdi Demokratiko Berria alderdi progresistaren hautagaia, boto-asmoaren % 8rekin.
Bloke Quebectarra laugarren dabilke, eta soilik Quebeceko eskualde frankofonoan du ordezkaritza. Ordezkaritza lortzeko ia aukerarik gabe daude Alderdi Berdea eta Alderdi Popularra.