Mundua -
EKIALDE HURBILA
Israelek Beirut hegoaldea bonbardatu du berriro
Netanyahuk erasoa defendatu du: "Israelek ez dio utziko Hezbollahri indarra hartzen", eta Libanoko presidenteak AEBri eta Frantziari eskatu die Israel erasoak geldiaraztera "behartzeko", su-etenaren bermatzaile gisa.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Israelgo Armadak gutxienez hiru "ohartarazpen bonbardaketa" egin ditu igande honetan Beirut hegoaldeko auzo batean, inguruko bizilagunak ebakuatzeko agindua eman eta ordu erdira.
Libanoko albiste agentzia nazionalak (ANN) jakinarazi duenez, hiru bonbardaketen helburua Al Hadath barrutian dagoen Al Yamous auzoa izan da, eta erasoa gertatu baino lehen "bizilagunen ihesaldia" izan da, salbu jartzeko.
Orain arte jakitera emandako datuen arabera, erasoak ez du hildakorik utzi. Libanoko hedabideek jakinarazi dutenez, abisua jaso ondoren bizilagun batzuek airera tiro egin dute, "Israelgo etsaiak mehatxatutako ingurutik alde egiteko ohartarazteko".
Beirut hiriburuko hainbat tokitatik ikus zitezkeen ke zutabe handiak eragin ditu bonbardaketak.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak eta Israel Katz Defentsa ministroak erasoa defendatu dute. "Israelek ez du utziko Hezbollah indartzen eta Libanoko inongo tokitatik mehatxu egiten", esan dute biek komunikatu bateratu batean, eta Libanoko Gobernua egin dute Hezbollahren balizko berrindartzearen "erantzule zuzen".
Agintari israeldarraren arabera, erasotutako eraikinak Hezbollahren "doitasunezko misilak" gordetzen zituen bertan, "Israelgo Estatuarentzat mehatxu argia" zirenak.
Joseph Aoun Libanoko presidenteak gogor gaitzetsi du erasoa, eta Israel "erasoak berehala etetera behartzeko" eskatu die Ameriketako Estatu Batuei eta Frantziari, Libanoko su-etenaren bermatzaileei.
X sare sozialeko kontu ofizialean argitaratutako mezu batean ohartarazi duenez, "Israelek egonkortasuna etengabe urratzeak tentsioak areagotuko ditu eskualdean, eta segurtasunerako eta egonkortasunerako mehatxu errealak sortuko ditu".
Jeanine Hennis-Plasschaert Nazio Batuen Erakundeak Libanorako duen koordinatzaile bereziak ere salatu du gaurko erasoak "beldurra eta izua" eragin dituztela "normaltasunera itzuli nahi dutenen artean".
"Liskarrak eteteko eta NBEko Segurtasun Kontseiluaren 1.701 ebazpena ezartzeko akordioa are gehiago ahuldu dezakeen edozein ekintza gelditzeko eskatzen diegu alde guztiei", gaineratu du, 2006ko bandoen arteko gerrari amaiera eman zion testuari erreferentzia eginez.
Abisua erasoaren aurretik
Israelgo Armadak alerta bat igorri die Beirut hegoaldeko biztanleei, Hadath auzoko hiru eraikinen ingurutik berehala alde egin dezaten, erasoa egin baino ordu erdi lehenago.
Hezbollahren gotorlekutzat jotzen dute auzo hori, eta berehalako eraso baten jomuga izateko zorian zegoela adierazi dute X sare sozialean zabaldutako mezu batean eta mezuari erantsitako mapa batean, inguru horretako hiru eraikin markatu ditu Israelgo Armadak eta inguruko egoiliarrei berehala alde egiteko eskatu die.
"Hezbollahrenak diren instalazioetatik gertu daude, eta, euren eta euren familien segurtasunagatik, eraikin horiek berehala ebakuatzeko eta horietatik gutxienez 300 metrora egoteko eskatzen diegu", ohartarazi du Avichai Adraae Israelgo Armadaren arabierazko bozeramaileak.
Israelgo hegazkinek auzo hori bera gogor bonbardatu zuten iazko irailean, urrian eta azaroan, Hezbollahren buruzagitzaren aurkako ofentsiba betean. Erasoetan Hassan Nassralah hamarkadetan Hezbollahren buruzagia izandakoa hil zuten.
Azaro amaieran su-etena sinatu zuen Israelek Libanorekin baina tarteka erasoren bat egiten jarraitu du Hezbollah indartzen ari zela argudiatuz. Apirilaren hasieran lau lagun hil zituzten Beiruten bertan, eraso gehienak Libano hegoaldean egin baditu ere. Azaroaren 27ko su-etenetik gutxienez 149 pertsona hil ditu Israelek, Libanoko hedabideen zenbaketaren arabera, 71 zibil tartean.