Mundua -

Iran

40 dira jada Bandar Abbasko portuan larunbatean izandako leherketan hildakoak eta 800 baino gehiago zaurituak

Irango Gobernuak dolu-eguna ezarri du astelehenerako. Agintariek azaldu dutenez, egoera kontrolpean dute eta suari % 80an eustea lortu dute, baina haizea oztopo izaten ari da garrak itzaltzeko.

Irango Bandar Abbas portuan gertatutako leherketa. Argazkia: Ilargi Gorria/EFE.
Irango Bandar Abbas portuan gertatutako leherketa. Argazkia: Ilargi Gorria/EFE.
Irango Bandar Abbas portuan gertatutako leherketa. Argazkia: Ilargi Gorria/EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iranek dolu eguna ezarri du astelehenerako, larunbatean Bandar Abbasko Shahid Rajai portua astindu zuen leherketa izan ondotik. Igande arratsaldeko azken eguneraketaren arabera, dagoeneko 40 dira hildakoak eta 800 baino gehiago zaurituak; horietatik 190ek ospitalean jarraitzen dute. 

"Bandar Abbaseko gertakari tragikoaren ondoren, Gobernuak dolu-eguna izendatu du astelehena", idatzi du igande honetan X sarean Fatemeh Mohajerani Irango Gobernuaren bozeramaileak, eta dolumina helarazi die biktimen familiei. "Iran zuen ondoan dago", idatzi du Mohajeranik.

Gaur goizean, Hormozgan probintziako gobernadore Mohammad Ashurik hiru dolu-egun iragarri ditu probintzia horretan. Bertan dago istripua izan den portua, Irango porturik garrantzitsuena eta modernoena; izan ere, herrialdeko esportazioen eta inportazioen % 55 baino gehiago, portu-zirkulazioaren % 70 eta edukiontzien trafikoaren % 80 kudeatzen ditu.

Masud Pezeshkian Irango presidentea Teherandik Bandar Abbas hirira joan da igande honetan Shahid Rajaiko portua bisitatzera.

Ustez, material kimikoa zeramaten hainbat edukiontzik kai batean su hartu ostean gertatu zen leherketa. Agintariek esan dutenez, egoera kontrolpean dute eta suaren % 80 menderatu dute, baina haizea oztopo izaten ari da garrak itzaltzeko, eta leherketa txiki gehiago ere izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Iran Asia