Mundua -

Vatikanoa

Kardinalak bilduta daude konklabearen data erabakitzeko eta hurrengo aita santuaren hautaketa bideratzeko

Data argitu gabe dago, baina maiatzaren 5eko astean izango da konklabea, hilaren 10a baino lehen. Ez dago jakiterik zenbat iraungo duen, kardinalek akordioa lortzeko behar duten denboraren araberakoa izango baita berorren iraupena. Fumata edo ke zuriak iragarriko du aita santua aukeratu egin dutela.

Kardinalak. Argazkia: EFE
Kardinalak
Kardinalak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, astelehena, bilera izan dute berriro kardinalek, eta itxura guztien arabera, gaurkoan, konklabearen data erabakiko dute. Kapera Sistinoan batuko dira kardinal guztiak, eta data zehazteaz aparte, asmo dute akordioak ehuntzea, hurrengo aita santuaren izena aukeratzeko bidean. Kongregazio orokorra 09:00etan bildu da, eta behar izanez gero, bigarren batzar bat dago antolatuta 17:00etatik arurera.

Bederatzi eguneko dolua bukatuta, konklabea maiatzaren 5etik aurrera —eta maiatzaren 10a baino lehen— egin beharko dute, gehienez 20 eguneko epea baitute horretarako aita santua hiltzen denetik.

Esan bezala, Erroman batzen diren kardinalek erabakiko dute data (bi ez dira gaurko batzarrean egongo, osasun arazoak tarteko).

Konklabea

Behin hileta-errituak amaituta, konklabea prestatzen hasiko dira. Horretarako, 80 urtez azpiko kardinal guztiak Kapera Sistinoan giltzaperatuko dira, hurrengo aita santua aukeratzeko.

Ez dago jakiterik zenbat iraungo duen konklabeak, kardinalek akordioa lortzeko behar duten denboraren araberakoa izango baita berorren iraupena. Fumata edo ke zuriak iragarriko du aita santua aukeratu egin dutela.

Zure interesekoa izan daiteke: Nor izango da hurrengo aita santua?

Guztira, 135 kardinal ziren batzekoak, baina bi ez dira bertan izango, osasun arazoengatik. (Frantzisko aita santuaren ondorengoa aukeratzeko konklabearen gakoak).

71 herrialdetako kardinalak daude hautagaien artean, eta orain arte ez dute elkar ezagutzeko denborarik izan. Horregatik, norbere iritziak elkarri emateko eta balizko hautagaiak identifikatzeko egunak izango dira datozenak.

Kapera Sistinoan sartuko diren 133 hautagaietatik 108 (% 80) Frantziskok berak aukeratu zituen, baina horrek ez du esan nahi guztiak bere "molde berekoak" direnik. Besteak beste, Mongoliatik, Irandik eta Papua Ginea Berriatik iritsitako kardinalak daude, eta ideologia aldetik elkarrengandik oso urruti daude batzuk eta besteak.

Angelo Becciuren gaineko "zurrunbiloak" ekarriko die lehen buruhaustea, Frantziskok aita santu izateko pribilegioa kendu baitzion finantza munduko eskandalu batean nahastuta zegoelako —zigortu ere egin dute—. Hain zuzen ere, hautagaien artean jarraitzeko aukera eman nahi dioten ala ez erabakiko dute gainerako kardinalek.

Kapera Sistinoa, itxita

Vatikanoko Kapera Sistinoa zarratuta egongo da, konklabearen prestaketa lanak direla eta. "Adi. Bisitariek ez dute apirilaren 28tik aurrera Kapera Sistinora sartzeko aukerarik izango, konklabea dela eta", dio sarean zabaldu duten ohar batek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Aita santua Eguneko albisteak Albisteak Italia Erroma Eliza Katolikoa