Mundua -
HAUTESKUNDEAK KANADAN
Liberalek irabazi dituzte Kanadako hauteskundeak, baina ez dute gehiengorik lortu
Aurreikuspenak bete dira, eta Donald Trump AEBko presidentearen mehatxuek olatu liberala hauspotu dute. Mark Carneyk lehen ministro izaten jarraituko du, 164 eserlekurekin. Kontserbadoreek, berriz, 149 izango dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Mark Carney Alderdi Liberalaren hautagaiak eta jarduneko lehen ministroak irabazi ditu Kanadako hauteskundeak, bere alderdiko primarioak irabazi eta hilabete eta erdira. Modu horretan, ekonomialariak jarraituko du Kanadako lehen ministro izaten, gutxiengoan gobernatu beharko badu ere.
Joan den martxoan, Justin Trudeauren lekukoa hartu zuen Carneyk, eta karguaren zina egin berritan, honakoa esan zuen: "Inoiz ez gara Ameriketako Estatu Batuen parte izango, inola ere ez". Hitzok Donald Trump AEBko presidentearen mehatxuen harira esandakoak dira eta, zalantzarik gabe, eraginik izan dute olatu abertzalea hauspotu den boz hauetan.
Gauerdia pasatuta, eta behin Ontariok eta Quebecek hautesleku erabakigarriak itxita, 11 milioi boto zenbatuta zeuden eta behin-behineko emaitzek 163 eserleku eman dizkiote Alderdi Liberalari, eta 149, Alderdi Kontserbadoreari. Gehiengoa lortzeko 172 behar dira.
Aurreko legealdian, Alderdi Liberalak 152 diputatu zituen, Alderdi Kontserbadoreak 120, Quebeceko Blokeak 33, Alderdi Demokratiko Berriak 24, eta independenteek eta Alderdi Berdeak, hiruna.
Behin-behineko emaitzak ezagutu eta berehala egindako lehen adierazpenetan, Carneyk agindu du "alderdi guztiekin", "lurralde guztiekin" eta "gizarte zibilarekin" gobernatuko duela. Azpimarra berezia jarri du batasun nazionalean. Beste behin, Trumpen mehatxuak hizpide izan ditu, eta kanpainako mezua berretsi du: "Hautsi nahi gaituzte, baina hori ez da sekula gertatuko".
Bere aldetik, Pierre Pilievre Alderdi Kontserbadorearen hautagaiak bere aurkari liberalaren garaipena onartu eta oposizioko buru izaten jarraituko duela ziurtatu du.
Alderdi txikiak
Alderdi txikiei dagokienez, Quebeceko Blokeak behera egin du, baina jaitsiera ez da iragarritakoa bezain handia izan. Lehen emaitzen arabera, 23 eserleku eskuratu ditu, aurreko hauteskundeetan baino 10 gutxiago.
Alderdi Demokratiko Berriak, berriz, zazpi diputatu lortu ditu, 18 galduta.