Mundua -

VATIKANOA

Angelo Becciuk, ustelkeriagatik kondenatutako kardinalak, uko egin dio konklabean parte hartzeari

Vatikanoko diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik bost urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zioten eta Frantzisko aita santuak kardinal izatearen pribilegioak kendu zizkion. Hala ere, aldarrikatu du konklabean parte hartzeko eskubidea baduela.

Angelo Becciu kardinala 2022ko abuztuan, Vatikanoan. Artxiboko argazkia: Europa Press
Angelo Becciu kardinala 2022ko abuztuan, Vatikanoan
Angelo Becciu kardinala 2022ko abuztuan, Vatikanoan. Artxiboko argazkia: Europa Press

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aita santua aukeratzeko konklabean hutsune garrantzitsu bat izango da, ustelkeriagatik zigortutako Angelo Becciu kardinal italiarrak erabaki baitu atzera egin eta parterik ez hartzea. Vatikanoko diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik bost urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zioten eta Frantzisko aita santuak kardinal izatearen pribilegioak kendu zizkion. Hala ere, berretsi du errugabea dela eta konklabean parte hartzeko eskubidea baduela.

Frantzisko aita santuaren "nahiari" men eginda, Elizaren "hobe beharrez" eta konklabea "giro lasaian" egin ahal izateko hartu du erabakia Becciu kardinalak, hedabideetara bidali duen adierazpen batean azaldu duenez.

Atzo Kongregazio Orokorraren ostean hartu omen zuen erabakia, hainbat hedabidek zabaldutako informazioaren arabera.

Testuinguru honetan, Frantziskoren ondorengoa aukeratzeko konklabea maiatzaren 7an hasiko da.

Aita santuaren hiletaren aurretik kardinalek egindako bileretan, Becciuri konklabean parte hartzea eragozten zioten bi dokumentu (Frantziskok sinatutakoak) erakutsi zituen Pietro Parolin Vatikanoko estatu-idazkariak.

Matteo Bruni Vatikanoaren bozeramaileak, bere aldetik, nabarmendu zuen atzoko kardinalen bileran ez zutela Becciu auziari buruzko erabakirik hartu.

Bost urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zioten Angelo Becciu 76 urteko kardinal italiarrari, baina helegitea aurkeztuta du eta behin betiko ebazpenaren zain dago orain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Aita santua argazkiak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Italiako albisteak Vatikanoko azken ordukoa