Mundua -
100 EGUN AGINTEAN
Trump, agintaldiko 100 egunen ondoren: "Hau hasi baino ez da egin. Oraindik ez duzue ezer ikusi"
Presidente errepublikanoaren arabera, joan den urtarrilean bigarren aldiz agintea hartu zuenetik, azken mendeko "aldaketa sakonena" gertatu da AEBn.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Etxe Zuriko agintea bigarren aldiz hartu zuenetik 100 egun bete dituenean, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak argi esan du "hau hasi baino ez" dela egin eta "onena etortzear" dagoela. "Oraindik ez duzue ezer ikusi. Legez kanpoko migrazioa amaituko dugu. Gureak diren lanpostuak berreskuratu eta gure langileak babestuko ditugu", adierazi du Michiganen, ospakizunerako antolatu duen mitin erraldoian.
Buruzagi errepublikanoaren hitzetan, bere Administrazioak hiru hilabetean lortu du "umeen doktrinamendua gelditzea", "dirua xahutzeari utzita" eta, bereziki, "amets amerikarrari eutsita". "Amerika berriro handi izatea lortzen ari gara, eta azkar ari gara hori egiten", erantsi du.
Joe Biden AEBko aurreko presidentearen agintaldiari erreferentzia eginez, Trumpek azaldu du "herrialdea saldu" eta "odolustu" zuten "politika gaiztoak" atzean utzi dituela 100 egunetan, eta ez duela onartuko "inolaz ere" atzera berriz agertoki horretara itzultzea.
Horiek esanda, bere aurreneko agintaldia ekarri du gogora, 2017tik 2021erakoa. "Lau urte bikain izan ziren" eta "ekonomiak inoizko urte onenak" bizi izan zituen, presidentearen arabera. "Burtsak % 88 egin zuen gora; ondo joan zitzaigun eta orain hobeto joango zaigu".
Halaber, gogor kritikatu du "beste buruzagi batzuek" atzerri politikan egindako kudeaketa. "Urrutiko herrialdetako mugak defendatzen dirua xahutu zuten", salatu du, esateko "behingoz, gure mugak eta gure nazioa" babestuko dituen presidentea dela bera.
Macomb konderria hautatu du Trumpek 100. egunaren ospakizunerako. Han dute egoitza nagusia AEBko hiru automozio enpresa garrantzitsuenek (General Motors, Ford eta Stellantis), eta, zalantzarik gabe, gerra komertzialaren erdigunetako bat bilakatu da.