Mundua -
Gerra Ukrainan
Ukrainak AEBrekin bere baliabide naturalei buruzko akordioa sinatzea espero du datozen orduetan
Ukrainako lehen ministroaren hitzetan, akordioaren azken bertsioa "bidezkoa" eta "positiboa" da bi aldeentzat. Hala ere, funts bateratua Washingtonek kontrolatuko du eta, CNNren arabera, akordioak ez du segurtasun berme zehatzik aurreikusten.
Agentziak | EITB Media
Yulia Sviridenko Ukrainako Ekonomia ministroa Washingtonera joan da gaur, Ameriketako Estatu Batuekin (AEB) baliabide naturalen inguruko akordioa sinatzeko, Denis Shmigal Ukrainako lehen ministroak iragarri duenez. "Akordioa datozen 24 orduetan sinatzea espero dugu", esan du Shmigalek Ukrainako telebistan.
Ukrainako lehen ministroaren hitzetan, akordioaren azken bertsioa "bidezkoa" eta "positiboa" da bi aldeentzat. Shmigalek adierazi duenez, akordioak Ukraina garatzeko eta berreraikitzeko inbertsioak aurreikusten ditu.
Lehen ministroak nabarmendu duenez, Ukrainak bere baliabide guztien kontrola izaten jarraituko du, eta akordioa sinatu aurretik AEBk emandako laguntza at geratuko da. Donald Trumpen Administrazioak ezingo du funts komunerako ekarpen gisa kontabilizatu aurretik emandako laguntza militarra.
Washingtonen menpe dagoen inbertsio funts komun bat
Ukraina eta AEB Donald Trump agintari estatubatuarrak proposatutako mineralen akordioa negoziatzen ari dira otsailetik, hau da, Washingtonek kontrolatuko duen inbertsio funts komun bat sortzea, Ukrainako baliabide naturalen ustiapenak sortuko dituen etekinen zati bat lortzeko.
Funtsak AEBko enpresek etekina ateratzeko eta Ukrainan inbertsio estatubatuarrak bermatzeko balio behar du. Zirriborro batek funts bateratu hori sortzea aurreikusten du. Lehen akordio hori beste bi testu teknikok osatuko dute, eta testu horiek zehaztuko dute funts bateratuaren funtzionamendua.
Horrela, Trumpek AEBko Administrazioak Ukrainako gerran inbertitutako dirua berreskuratu nahi du. Bestalde, Ukrainak espero du agiriak inbertsioak ziurtatzeko eta Washingtonekin duen aliantza indartzeko balioko duela.
Segurtasun-berme zehatzik gabe
CNNren arabera, akordioak ez ditu jasotzen Zelenskik Washingtoni gerrari amaiera emateko negoziazioen parte gisa eskatzen zizkion segurtasun berme zehatzak.
Sinadura une zailean iritsiko da diplomaziaren alorrean; izan ere, Trump oso haserre dago Errusiarekin eta Ukrainarekin negoziazioetan aurrerapausorik eman ez delako. Handi-mandi errepublikanoak 100 egun bete ditu gaur Etxe Zurian, eta azken asteetan kritikak banatu ditu Volodimir Zelenski eta Vladimir Putin Ukrainako eta Errusiako presidenteen artean.
Aurreikuspenen arabera, Trumpek eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak otsailean sinatu behar zuten akordioa Etxe Zurian, baina atzeratu egin zen, bi buruzagiek Bulego Obalean izandako liskarraren ondorioz.