Mundua -

PRIk boterea berreskuratu du

Enrique Peña Nietok Mexikoko Presidentetza hartu du

Gobernu aldaketaren ekitaldietan protestak deitu dira, batik bat Mugimendu Aurrerakoiaren partetik, izan ere, bigarren gelditu ziren hauteskundeetan eta ez dute Peña Nietoren garaipena onartzen.

Enrique Peña Nieto. EFE
Enrique Peña Nieto
Enrique Peña Nietok Mejikoko presidente karguaren zina egin du

00:49

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enrique Peña Nietok Mexikoko Presidentetza hartu du Jauregi Nazionalean egin duten ekitaldi batean, Gobernuaren egoitzan.

Felipe Calderon kargua uzten duen presidenteak Mexikoko bandera eman dio dagoeneko Peñari Presidentetza aldaketaren ikur gisa. Azken honek uztailaren 1ean egin ziren presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen eta era honetan, PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionalak boterea berreskuratu du berriro.

Kargu hartzearekin batera, talde berriko kideek ere karguaren zina egin dute. Miguel Angel Osorio Chong izango da Barne Saileko arduraduna, Salvador Cienfuegos Zepeda Defentsa Nazionalekoa eta Vidal Francisco Soberon Sanz Marinako idazkaria.

Peña Nietorekin Alderdi Iraultzaile Instituzionala Gobernura bueltatu da, izan ere, zazpi hamarkadatan boterean egon zen, 2000. urtean Calderonen eta Vicente Foxen PAN alderdiak irabazi zuen arte.

Segurtasun faltaren aurkako plana

Enrique Peña Nieto presidente berriak bere Gobenuaren 13 erabaki iragarri ditu, eta, horien artean, indarkeria boladari aurre egiteko osoko plana dago.

"Gauza bat oso argi daukat: delitu bati ezin zaiola indarkeriarekin aurre egin", esan du Peña Nietok Mexikoko herritarrei zuzendutako lehen mezuan.

Mezuak 50 minutu iraun ditu, esandakoen arabera, delituen prebentziorako planak zenbait ministerioren arteko elkarlana beharko du. Helburuen artean, esparru publikoak berreskuratzea eta ekoizpen-prozesuen segurtasuna bermatzea daude.

Proposamena azkenaldiko indarkeria bolada txarrenaren erdian egin du, batez ere, krimen antolatuaren eraginez. Azken sei urteetan, hamarka mila hildako izan dira.

Peñaren kontrako protestak

Poliziak eta Armadak gas negareragileak eta gomazko balak erabili dituzte Mexiko hiriburuan bildutako milaka manifestarien kontra. Enrique Peña Nietoren kargu-hartzearen kontra protestan ari ziren.

"Istiluen ondorioz, gutxienez hiru pertsona larri zauritu dira eta anbulantzian eraman dituzte. Gainera, pertsona askok alde egin dute gasen ondorioz", esan du Jorge Fita TeleSur telebista kateko kazetariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea