Mundua -

HAUTESKUNDEAK ERRESUMA BATUAN

Reform UK alderdiko ultraeskuindarrek funtsezko eserleku bat kendu diete laboristei, sei botoren aldeagatik

Nigel Farageren alderdia nagusitu da Runcornen eta Helsbyn. Hauteskunde partzial hauek aurreko diputatu laboristaren dimisioak markatuta egon dira, kalean beste gizon bat jotzeagatik kondenatu baitzuten.

Nigel Farage, Reform UK alderdiko jarraitzaile batekin. Argazkia: EFE
Nigel Farage, Reform UK alderdiko jarraitzaile batekin. Argazkia: EFE
Nigel Farage, Reform UK alderdiko jarraitzaile batekin. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sarah Pochin Reform UK alderdiko hautagaiak irabazi du Runcorn eta Helsby barrutietako Parlamentuko eserlekua, Ingalaterran egindako udal hauteskundeetan. Alderdi ultraeskuindarrak sei botoko aldea lortu zuen Alderdi Laboristaren aurrean.

Mike Amesbury laboristak kargua utzi zuen martxoan, hamar hilabeteko kartzela-zigorra jaso baitzuen kalean izandako borroka batean gizon bati ukabilkadak emateagatik. Bere eserlekua zegoen jokoan.

Hauteskunde partzial hau Keir Starmer Britainia Handiko lehen ministroarentzat lehen azterketa handia izan da, 2024ko uztaileko hauteskunde orokorrak irabazi ostean. Pochinek 14.696 botoko gehiengo laborista iraultzea lortu zuen, boto-asmoaren azken inkesten arabera, Reform faborito zen barrutian.

Garaipen horrekin, Nigel Faragek (jatorriz Brexitaren Alderdiko kidea) zuzendutako alderdiak dagoeneko bost diputatu ditu Erresuma Batuko Parlamentuan. Laboristek bigarren zenbaketa bat eskatu zuten Runcornen eta Helsbyn, baina emaitzak bere horretan jarraitu zuen.

Garaipenaren berri izan ostean, Faragek esan du "sentsazioa" dagoela Laborismoa ez dela "alderdi patriotiko bat". "Ez gara protesta alderdi bat, baina asko dago protestatzeko. Reform UK inguruan dagoen dardara guztia herrialde honi buelta eman diezaiokegulako da. Gainbeheran dagoela aitortzen dugu. Hobeto egin dezakegu. Jende positiboa gara, desberdina", adierazi du.

Hauteskunde egunean, 1.600 zinegotzi postu zeuden jokoan eta 23 udalerritan bozkatu zen. Gainera, tokiko hauteskundeak egin ziren sei udalerritan: North Tyneside, Hull & East Yorkshire, Doncaster, Cambridgeshire & Peterborough, West of England eta Greater Lancashire.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak