Mundua -

GAza (Palestina)

Erabateko blokeoa mantentzeaz gain, Israel baratzeak suntsitzen eta arrantzaleak hiltzen ari dela salatu dute

"Milaka pertsona hilko dira blokeoa berehala amaitzen ez bada", ohartarazi dute gobernuz kanpoko erakundeek. Gutxienez 60.000 haurrek desnutrizioa dute dagoeneko Zerrendan, eta dozenaka sukalde komunitario eraso eta itxierara behartu ditu Israelek.

Emakume palestinarrak janariagatik borrokan, Gazan. Argazkia: EFE
Emakume palestinarrak janariagatik borrokan, Gazan. Argazkia: EFE
Emakume palestinarrak janariagatik borrokan, Gazan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat honetan bi hilabete beteko dira Israelek Gazara edozein hornidura, elikagaiak eta edateko ura barne, sartzea debekatu zuenetik. Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, palestinarrak Zerrendatik ihes egitera behartzeko beste ekintza batzuei gehitu behar zaie hori, besteak beste, laborantzarako lurren suntsiketari, bonbardaketei eta arrantzaleen aurkako erasoei.

"Milaka pertsona hilko dira blokeoa berehala amaitzen ez bada", oharatarazi du gaur bideokonferentzia batean Gavin Kelleher Norvegiako Errefuxiatuentzako Kontseiluko (NRC) langile humanitarioak.

Haren arabera, egungo blokeoa "kanpaina zabalago" baten parte da, Gaza 2,1 milioi palestinarrentzat "infernu" bihurtzeko; izan ere, Israelek suntsitu egin ditu gazatarren baratzeak, baita gobernuz kanpoko erakundeek kudeatutako dozenaka sukalde komunitario itxi eta arrantzaleak ere.

"Zisterna-kamioien aurkako aire-eraso zuzenak ere ikusi ditugu", zehaztu du Kelleherrek. Ura edangarri egiteko erregaiaren edo produktu kimikoen sarrera debekatu du erregimen sionistak, baita telekomunikazio sareen aurkako erasoak egin ere, hodiak konpontzeko makinen edo ingeniarien sarrera ukatzearekin batera.

Palestinarrak, gosez, jateko zerbaiten bila, Jabalian (Gaza). Argazkia: EFE

Palestinarrak, gosez, jateko zerbaiten bila, Jabalian (Gaza). Argazkia: EFE

Gutxienez 60.000 haurrek dute desnutrizioa

Bestalde, Ghada Alhaddad Oxfameko Komunikazio arduradunak salatu duenez, Palestinako lurraldean geratzen den janari gehiena ez da elikagarria -haragia eta esnea amaitu dira-, eta salneurri garestiek, berriz, eskuraezin bihurtzen dituzte elikagai horiek.

Alhaddadek "gosea modu sistematikoan gerra arma gisa erabiltzea" leporatu dio Israeli, eta gogorarazi du ama gazatar batek bost dolarren truke soilik erosi ahal izan zuela tomate bat merkatuan, lau seme-alaben artean banatzeko helburuarekin. Haur gehienek, zehaztu duenez, egunean behin bakarrik jaten dute, normalean afaria urdailean zerbaitekin lo egin ahal izateko.

Joan den apirilaren 10ean, Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoak (OCHA) jakinarazi zuen 60.000 haurrek baino gehiagok desnutrizioa jasaten dutela Gazan, "jantoki komunitarioak erregairik eta hornidurarik gabe azkar geratzen ari diren honetan", gogorarazi du Farhan Haq NBEko bozeramaileak prentsaurreko batean.

"Elikagaien krisia gizakiak eragin du. Su-eten iraunkorra eta berehalakoa eskatu behar dugu, muga erabat irekitzea eta erantzukizunak", azpimarratu du Alhaddadek.

Neskatila bat, janariaren zain, Jabaliako sukalde komunitario batean. Argazkia: EFE

Neskatila bat, janariaren zain, Jabaliako sukalde komunitario batean. Argazkia: EFE

Sukalde komunitarioak, itxita Israelen erasoengatik edo produktu faltagatik

Ildo beretik, Amjad Shawak, Palestinako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Sareko zuzendariak azaldu duenez, 30 sukalde komunitario itxi behar izan dituztela Israelek egindako erasoen ondorioz, eta beste dozenaka itxi dituztela irin eta oinarrizko produktu faltagatik.

"Geratzen diren gehienak astebete baino lehen itxiko dituzte, 5 edo 6 egunetan", deitoratu du Shawak, eta "milaka" pertsona hiltzen ari direla ziurtatu du, ez bonben ondorioz, baizik eta janari eta botika eskasiagatik.

Droneekin egin diote eraso Gazara laguntza bidaltzen duen Askatasunaren Flotako itsasontzi bati Maltako uretan
Droneekin egin diote eraso Gazara laguntza bidaltzen duen Askatasunaren Flotako itsasontzi bati Maltako uretan
Droneekin egin diote eraso Gazara laguntza bidaltzen duen Askatasunaren Flotako itsasontzi bati Maltako uretan

0:41
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak Gosea Ultraeskuina Ekialde Hurbila Benjamin Netanyahu