Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Trumpek pribilegio fiskalik gabe utzi du Harvard, eta NPR eta PBS hedabideen finantziaizo federala eten du
Harvardek auzitara eraman du jada Trumpek agindutako funts federalen etena. NPR eta PBS hedabide publikoen finantziazioa Kongresuaren eskumena, eta, beraz, handi-mandiaren aginduak legea urratu dezake.
Agentziak | EITB Media
Donald Trump AEBko presidenteak gaur iragarri duenez, Harvardeko Unibertsitateak zergak ez ordaintzeko eskubidea ere galduko du. Aldez aurretik, Gazako Zerrendako sarraskiaren aurkako protestek eragindako errepresalia gisa, unibertsitatea funts federalik gabe utzi zuen buruzagi errepublikanoak.
"Harvard Zergak ordaintzetik salbuetsita egon da, baina pribilegioa kenduko diogu. Horixe da merezi dutena!", aldarrikatu du Trumpek sare sozialetan, eta ez du argitu dagoeneko hartutako erabakia den edo Altxorraren menpeko Barne Zergen Zerbitzuak (IRS, ingelesezko siglak) etorkizunean aztertuko duen.
Harvardek 200 errektore baino gehiagoren babesa lortu du azken asteotan, eta Trumpen hainbat neurri auzitara eraman ditu dagoeneko, besteak beste, funts federalen etetea.
Bestalde, NPR irrati publikoari eta PBS telebista kateari zuzendutako finantziazio federala bertan behera uzteko agindua sinatu du handi-mandiak.
"Bi entitateetako batek ere ez die herritar zergadunei gaurkotasuna modu justu, zehatz eta inpartzialean kontatzen", argudiatu du agintariak dekretuan.
Trumpek Irratidifusio Publikorako Korporazioari (CPB) agintzen dio NPR eta PBSen egungo aurrekontua legezko gutxienekora murriztea, eta bientzako "etorkizuneko finantziazio" ukatzea.
NPRren eta PBSren finantziazioa Kongresuaren eskumena da, eta, beraz, dekretuak legedia urratu dezake, presidentearen beste agindu batzuekin gertatu den bezala.
Funts federalak NPRren aurrekontu osoaren % 1 inguru badira ere, % 8 eta % 10 artean dira afiliatutako 1.300 irrati txiki baino gehiagorentzat. PBSren kasuan, diru-sarreren % 15 inguru CPBtik datoz.
PBSren programazioaren zati handi bat eduki hezitzailean eta dokumentaletan oinarritzen da; NPR, berriz, albisteetan eta musikan espezializatzen da, formatu herrikoiekin, hala nola 'Tiny Desk' kontzertuekin.
Apirilaren hasieran, Trumpek irrati horien finantziazioa mozteko eskatu zien Kongresuko errepublikanoei, eta "ezker erradikalaren munstrotzat" jo zituen.
Ez da Trumpek komunikabide publikoen aurka egindako lehen erasoa. Martxoan, Ameriketako Estatu Batuetako Komunikabide Globaletarako Agentzia (USAGM) ixteko agindu zuen, eta horrek etenaldi bat eragin zuen Voz de America irratiaren jardunean eta bertako 1.300 langile baino gehiago kaleratzea.