Mundua -
Vatikanoa
Hitzorduak areagotuta, bi bilera egingo dituzte kardinalek astelehenean
Bihar ez da bilkurarik egongo, eta asteleheneko bi batzarren ondotik, ez dute baztertzen asteartean ere beste horrenbeste hitzordu egitea. Kardinalek ez dute oraingoz ezer aurreratu. "Oraindik ez gaude prest, Jainkoak nor aukeratu duen deskubritu behar dugu", esan du gaur horietako batek.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hitzorduak areagotzea erabaki dute gaur kardinalek. Horrela, astelehenerako bi bilera deitu dituzte Vatikanoan, Frantzisko aita santuaren ordezkoa aukeratuko duen konklabearen atariko gisa.
Vatikanoko bozeramaile Matteo Brunik baieztatu du astelehenean bi bilera egingo dituztela, bata goizean eta bestea arratsaldean (Euskal Herrian 09:00ak eta 17:00ak direnean).
Gaurko hitzordua hasi aurretik, hainbat kardinalek aitortu dute barne eztabaidak ez direla oraindik amaitu.
Jean-Paul Vesco frantziarrak, esaterako, hauxe aurreratu du, komunikabideen aurrean: "Oraindik ez gaude prest, Jainkoak nor hautatu duen deskubritu behar dugu. Denbora gehiago behar dugu elkarrekin otoi egiteko, baina ziur nago behar den unerako pronto egongo garela".
Ildo beretik, Fernando Natalio Chomali Garib kardinal txiletarrak azpimarratu du 133 izen dituztela, eta, horren esanetan, aukera guztiak daude zabalik.
Bihar, igandea, ez da bilerarik egongo, eta Brunik ez du baztertu asteleheneko biak bukatu ostean asteartekoak ere bikoiztea.
Biharamunean, asteazkenean, 133 kardinal hautatuak —80 urtez azpikoak guztiak— Kapera Sistinoan giltzapetuko dira, apirilaren 21ean hil zen Frantzisko aita santuaren ondorengoa aukeratzeko. Ordura arte, ezingo dira Vatikanotik atera, ezta inorekin harremanetan jarri ere.
Vatikanoak Kapera Sistinoa itxi du
133 kardinalak hartzeko prestatzen dabiltza Vatikanoa, Santa Marta Etxea eta Kolegio Pontifikal Etiopiarra. Horien isolamendua ziurtatzeko, ingurua erabat blindatuta dute, eta Kapera Sistinoan sare elektronikoa etenda dute. Konklabea maiatzaren 7ko arratsaldean hasiko da.
Zurginak, errementariak, dekoratzaileak, garbitzaileak, administrazioko langileak, kontableak eta kanpo enpresetako beharginak ari dira prestakuntza lanak egiten, etenik egin gabe, asteazkenerako dena prest egon dadin.