Mundua -
ISRAEL
Ehud Barak Israelgo lehen ministro ohiak desobedientzia zibilerako deia egin du, Netanyahuren aurka
Herritarrei, oposizioari, agintari ekonomikoei, teknologikoei, intelektualei, alkateei, gazte mugimenduei zein kibbutzetako bizilagunei dei egin die "Gobernua erori arte" protesta egiteko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ehud Barak Israelgo lehen ministro ohiak desobedientzia zibila eskatu du Benjamin Netanyahu egungo lehen ministroaren "Gobernua erori arte".
"Desobedientzia zibila beharrezkoa da. Ehunka mila herritarren, oposizioaren, buruzagi ekonomikoen, teknologikoen, intelektualen, alkateen, gazte mugimenduen... izenean, denok desobedientzia zibila egitea eskatzen dugu", adierazi du Barakek Israelgo telebistako 13. Kanalean egindako elkarrizketa batean.
"Gobernua erori arte ekin behar diogu. Mugimendu hau gidatu behar dugu", esan du 1999 eta 2001 artean lehen ministro izan zenak. Indar Armatuetako Estatu Nagusiko buru ere izan zen 1991 eta 1995 artean.
Larunbat honetan, milaka eta milaka pertsona atera dira manifestazioan berrio ere Tel Aviven eta Israelgo beste zenbait hiritan, Netanyahuren aurka protesta egiteko eta bahituak askatzeko akordioa eskatzeko.
Protestetan, Israelgo banderak, bahituak irudikatzeko erabiltzen diren bandera horiak eta Gobernuaren aurkako pankartak ikusi dira, besteak beste, "Netanyahu arriskutsua da Israelentzat" ohartarazpenarekin batera.