Mundua -
ERRUMANIAKO HAUTESKUNDEAK
Simion ultraeskuindarrak irabazi du Errumaniako hauteskundeen lehen itzulia, alde handiz
Trumpen aldeko hautagai antieuropeistak botoen % 40 lortu ditu, eta faborito argia da maiatzaren 18ko bigarren itzulian Estatuko buruzagitza irabazteko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
George Simion eskuin muturreko hautagaia izan da bozkatuena larunbat honetan egin den Errumaniako presidentetzarako hauteskundeetako lehen itzulian, botoen % 40rekin baino gehiagorekin, botoen % 99 kontatu dutenean. Maiatzaren 18an, Crin Antonescu edo Niusor Dan hautagaiekin lehiatuko da bigarren itzulian.
21:00etan itxi zituzten hauteslekuak (20:00etan Euskal Herrian) eta lehen sondeoek berehala iragarri dute garaipena.
AUR alderdi eurokritiko eta nazionalistaren liderraren atzetik, Crin Antonescu hautagai ofizialista eta Nicusor Dan independentea, egungo Bukaresteko alkatea, bigarren postua eskuratzeko lehiatuko dira, bi hautagai igaroko baitira bigarren itzulira.
Oraingoz, Danek eskuratu du bigarren postua, botoen % 20,97 pilatuta. Antonescu oso gertu geratu da, botoen % 20,18rekin.
Hala ere, datu horiek oraindik ez dute errumaniarren diasporaren botoa barne hartzen, eta tarte txikia denez, bigarren posturako lehia irekita dago oraindik.
Simionen profila
George Simion, duela sei urte sortutako AUR alderdi ultranazionalistako burua, Donald Trump AEBko presidentearen mireslea da. Agerraldi publikoetan, presidente errepublikanoarengan inspiratutako leloak erabiltzen ditu, "Errumania aurrena" adibidez, eta, batzuetan, beisboleko bisera bat janzten du, "Trump" leloarekin.
38 urteko politikariak balio tradizionalen eta "benetako errumaniarren" defendatzaile gisa aurkezten du bere burua, hitzaldietan elementu nazionalistak, irredentistak, erlijiosoak eta populistak nahastuta.
Protekzionismo ekonomikoaren zein Moldaviarekin bateratzearen alde egin izan du eta diskurtso horiekin boto-emaile gazteen, landa-eremuetako hautesleen eta hezkuntza-maila txikikoen babesa lortu du, batez ere.
Boterera iritsiko balitz, Ukrainari laguntza militarra emateari utziko diola agindu du eskuin muturreko buruzagiak.
Azaroaren 24an egin zen lehen itzuliaren errepikapena izan da gaurkoa. Izan ere, Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zuen itzuli hura. Calin Georgescu hautagai nazionalista eta ultraeskuindarra nagusitu zen orduan. Simion Georgescuren oinordekoa da.
Hauteskundeotako botoen zenbaketak sortu zituen zalantzak. Izan ere, Errumaniako Defentsa Nazionaleko Kontseilu Gorenak Errusiaren esku-sartze saiakerak atzeman zituen. Era berean, agintariek salatu zuten Georgescuk ezkutuko presentzia izan zuela TikTok sare sozialean, eta sareak ez zuela hautagai gisa katalogatu.