Mundua -

VATIKANOA

Kardinalen arteko bilerak areagotu dituzte konklabearen atarian, "elkar hobeto ezagutzeko"

Hedabideek jada hainbat kardinal "faborito" gisa nabarmendu badituzte ere, benetan, botoa ematera deitu dituzten 133 kardinal gehienek ez dute elkar ezagutzen, eta askok argi utzi nahi izan dute ez dagoela "presarik" fumata zuria izateko, "konklabeak behar beste iraungo du".

Kardinalen bilera Vatikanoan, apirilaren 28an. Argazkia: EFE
Kardinalen bilera Vatikanoan, apirilaren 28an. Argazkia: EFE
Kardinalen bilera Vatikanoan, apirilaren 28an. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 7an hasiko den konklabea prestatzeko kongregazio orokorretara zihoazen kardinen atzetik ibili dira gaur komunikabideak, Kapera Sistinoan itxita egon aurretik, hautagairik nabermentzen ari ote den jakin asmoz. Batzuentzat egun gehiago behar dira elkar ezagutzeko baina goizen iritsi zirenek astebete baino gehiago izan dute horretarako. Batzuek diote konklabea laburra izango dela eta beste askok, berriz, "behar beste" iraungo duela.

"Egun batzuetako konklabea izango da, ezin diogulako botoa eman ezagutzen ez dugunari", esan du, adibidez, Louis Raphael I Sako kardinalak, Irakeko Kaldear Elizaren patriarkak.

Azaldu duenez, "gaurko gizartea ezagutzen duen aita santua behar da, entzun eta hitz egiten dakiena, pobreez eta munduko bakeaz arduratzen dena. Frantziskoren ostean, munduak aurrera jarraitzen du eta egunero daude berrikuntzak. Aita santuak seinaleak irakurtzen asmatu behar du eta ezin da bere jauregian giltzapetu".

Luis Jose Rueda Bogotako artzapezpikuak astebete eman du Erroman eta bilera-astea "garrantzitsua" izan dela uste duen arren, azpimarratu du "denbora pixka bat gehiago" beharko litzatekeela. Ildo horretan, aurreratu du bihar ere, asteartea, goiz eta arratsaldez bina saio izango dituztela.

Fernando Natalio Chomali Garib Txileko Santiagoko artzapezpikuak ere esan du egun "aberasgarriak" izan direla, "Mongolian, txiroekin, edota Latinoamerikan lan egiten duten" pertsonak ezagutu ahal izan dituelako, besteak beste, eta nabarmendu du hori "Frantzisko aita santuak utzitako herentzia" dela.

Jean-Paul Vesco kardinalak, Aljerko artzapezpikuak, "entzuten jarraitzeko" gogoa plazaratu du, "ez dago presarik fumata zurira heltzeko, behar beste iraungo du". "Aita santu frantsesa?", galdetu diote: "Aljeriarra ere ondo legoke", erantzun die irribarre batekin Vescok.

Vescok azaldu duenez, aurretik dituzten egunetan hitz egiten jarraituko dute, "kardinal guztiek ez dutelako hitz egin, eta guztiek hitz egiteko aukera izan behar dute. Entzuten jarraitzea da gakoa", gaineratu du.

Ignatius Suharyo Hardjoatmodjo Jakartako kardinala, bestalde, bart arte ez zen Erromara iritsi eta gaur hartuko du bileretan lehen aldiz. Eta ez da kasu bakarra.

Gauzak horrela, Frantziskoren ondorengoa aukeratzeko Kapera Sistinoan sartu aurretik elkar hobeto ezagutzeko bi saiotan bildu dira gaur 133 kardinalak eta bihar ere bi bilera gehiago egingo dituzte, asteazken goizean, 'Pro eligendo pontifice' mezarekin konklabea hasi aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Aita santua Eguneko albisteak Albisteak Erroma Eliza Katolikoa