Mundua -
VATIKANOA
Vatikanoko sare mugikorra itzali eta telefonoak konfiskatuko dizkiete kardinalei, konklabea isolatzeko
Vatikanoko Estatuari, Erroma erdian dagoen 0,4 kilometroko eremuari, eragingo dio itzalaldiak. Maiatzaren 7ko 15:00etan hasiko da eta seinalea ez da itzuliko aita santua aukeratu arte. Halere, frekuentzia-inhibizioak ez du eraginik izango San Petri plazan; izan ere, milaka fededun dira joatekoak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Vatikanoak erabat blindatu nahi du Frantzisko aita santuaren ondorengoa aukeratuko duen konklabea, eta horretarako, Vatikano osoko telefonia mugikorraren estaldura desaktibatuko du, baita kardinalen telefonoak konfiskatu ere.
Vatikano Hiriko Estatuko Gobernazioak astelehen honetan jakinarazi die bertako egoiliar eta langile guztiei "telekomunikazio zelularren eta irratiaren seinalea transmititzeko instalazio guztiak desaktibatuko" dituela.
Itzalaldiak Vatikanoko Estatuko lurralde osoan izango du eragina, Erroma erdialdean dagoen 0,4 kilometro karratuko eremuan. Maiatzaren 7ko 15:00etan hasiko da itzaldia (13:00 GMT) eta seinalea ez da itzuliko aita santua aukeratu arte.
133 kardinal hautesleek asteazken honetatik aurrera itxialdia egingo dute Kapera Sistinoan, eta gaua Vatikanoko eraikinetan igaroko dute, hala nola Santa Martako Etxean.
Injerentziak saihesteko, sekretismoz eta diskrezioz egin beharko dute konklabea, eta kardinalek ezingo dute itxialdian hitz egindakoaren berri eman, Vatikanotik joan ezta kanpoko pertsonekin komunikatu ere.
Matteo Bruni Egoitza Santuaren bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, kardinalek Santa Martan utzi beharko dituzte telefonoak. "Konklabea amaitutakoan itzuliko zaizkie", gaineratu du.
Aurrekoetan, Vatikanoak frekuentziak inhibitzeko sistema bat jarri izan du martxan, Erromako sare mugikorra euren lurraldean sartzea eragozteko.
Hala ere, Brunik azaldu duenez, horrek ez du eraginik izango San Petri plazan, milaka fededun baitira bertaratzekoak, aita santu berria aukeratzeko zain.
Sekretismoa bermatzeko, egunotan Egoitza Santuko teknikariek kapera monumentala zaindu ohi duten kamerak eta sentsoreak itzali dituzte, eta ziurtatu dute barruan ez dagoela grabatu dezakeen gailurik.
Kardinalek eta laguntzaileek diskrezioa zin egin behar izan dute. Gaur 100 bat lagunek egin dute, purpuratuen laguntzaileetatik hasi eta elektrikari, iturgin, erizain eta liturgiako langileetaraino.
Konklabean gertaturiko edozeren berri ematen badute, eskumikua da zigorra.