Mundua -

KONKLABEA

"Gertuko artzaina" izango omen da hurrengo aita santua, kardinalen arabera, konklabearen aurretik

"Presente egon behar duen figura bat, hurbila, zubi eta gidari lanak egiteko gai izango dena, munduko ordenaren krisiak markatutako eta noraezean dabilen gizateria elkartzea errazteko gai izango dena", azaldu du Vatikanoaren bozeramaileak, kardinalen hitzaldietako batzuk laburtuz.

Kardinal bat, azken egunetan egindako kongregazio orokorretako batera sartzen. Argazkia: EFE
Kardinal bat, azken egunetan egindako kongregazio orokorretako batera sartzen. Argazkia: EFE
Kardinal bat, azken egunetan egindako kongregazio orokorretako batera sartzen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nolakoa izan beharko du aita santu berriak? Galdera horren inguruan eztabaidatu dute kardinalek konklabearen aurreko 12 kongregazio orokorretan, eta ondorioztatu dute "pertsonen bizitza zehatzetik gertu dagoen artzaina" izan behar duela, Matteo Bruni Vatikanoaren bozeramaileak azaldu duenez.

"Presente egon behar duen figura bat, hurbila, zubi eta gidari lanak egiteko gai izango dena, eta munduko ordenaren krisiak markatutako eta noraezean dabilen gizateria elkartzea errazteko gai izango dena", azaldu du Vatikanoaren bozeramaileak, Frantziskoren ondorengoa aukeratzeko konklabea asteazken honetan hasiko duten kardinalen hitzaldietako batzuk laburbilduta.

"Pertsonen bizitzatik hurbil dagoen artzaina, Eliza Katoliko bakarraren mugetatik haratago joaten dakien buruzagia, elkarrizketa eta beste mundu erlijioso eta kultural batzuekiko harremanak sustatuz", erantsi dute kardinalek.

Aldi berean, purpuradunek azpimarratu dute "Elizaren izaera misiolaria: bere baitan itxi barik, gizon eta emakume guzti-guztiei Jaungoikoaren misterioaren esperientzia bizirantz lagundu behar dion Eliza".

Irekieraren aldekoa

Jorge Mario Bergoglioren jarreratik oso hurbil dagoen ikuspegi irekiaren aldeko izan beharko luke aita santu berriak, bozeramailearen hitzetan lerro artean irakurrita.

Kongregazio orokorretan aipatutako erronken artean, "gerra eta munduaren zatiketa" aipatu dira, ziur asko pontifize berriaren kezketako bat izango dena.

Kardinalek ohar bat kaleratu dute gaur, Ukrainan eta Gazan su-etena eskatzeko, eta hurrengo aita santua ere kontu horiez arduratu beharko da.

Era berean, migrazioen gaiari heldu beharko dio, "Elizarentzako opari" direla adierazi baitute, baina "migratzaileekin egoteko eta mugikortasun eta aldaketa testuinguruetan duten fedea babesteko premia ere azpimarratuz".

Ia kongregazio guztietan Petriren oinordeko baten premiazko beharraz hitz egin dute kardinalek, "Eliza zatitu bat batzen dakiena". Bestalde, purpuradunek Elizan sexu-abusuen kasuek egiten duten kaltea azpimarratzen jarraitu dute.

Ez da beharrezkoa burokrata, gizon hotz eta urruna, izatea

Hori guztia Vatikanoko prentsa-bulegoaren laburpen publikoen arabera. Hedabide batzuen arabera, ordea, kardinal batzuek uste dute ez dela burokratarik behar, gizon hotz eta urrun bat, baina "nolabaiteko gobernu eskarmentua" ere behar da, "zabalik dauden finantza, kanoniko eta lege kontu ugariak kontuan hartuta".

Kardinalek jendaurrean xehetasun askorik ematen ez duten arren, antza ez dute berriro jesuita bat aukeratuko, baina bai beste erlijio-familia bateko hautagai bat hautatu ahal izango luketela, salestar bat, adibidez.

Latinoamerikarra ere ez da izango, eta oso litekeena da 50 eta 60 urte bitarteko "gazte" horietako bat ez izatea, aitasantutza gutxienez 30 urtez blokeatuko lukeelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Aita santua Eguneko albisteak Albisteak Italia Erroma Erlijioa Eliza Katolikoa