Mundua -

ALEMANIAKO PARLAMENTUA

Merz bigarren saiakeran hautatu dute Alemaniako kantziler, lehenengoan porrot egin eta gero

Ezohiko bozketan lortu du buruzagi kotserbadoreak kantziler aukeratzeko behar zuen babesa, 325 diputaturen aldeko botoa jasota.

Merz eta Scholz, gaur, Alemaniako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Merz eta Scholz, gaur, Alemaniako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Merz kontserbadorea Alemaniako kantziler aukeratu dute, bigarren saiakeran

0:30

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Friedrich Merz kontserbadorea Alemaniako kantziler izendatu berri du bigarren saiakeran Busdestagek (Parlamentuko Behe Ganberak). Lehen bozketan 316 botoko gehiengoa lortzerik ez du izan.

Bigarrenean, ordea, aldeko 325 boto eta kontrako 289, abstentzio 1 eta 3 boto baliogabe izan dira. Batasun Kristaudemokratak (CDU) eta haren ahizpa Batasun Sozialkristauak (CSU) eta Alderdi Sozialdemokratako koalizio bazkideek osatutako blokeak 328 eserleku ditu. Ondorioz, bloke horretako hiru diputatuk ez dute Merzen alde bozkatu oraingoan ere.

Julia Klockner Bundestag Behe Ganberaren presidenteak iragarri duenez, "Friedrich Merz diputatuak 316 botoko gehiengoa gainditu du. Alemaniako Errepublika Federaleko kantziler federalaren Oinarrizko Legearen 63. artikuluaren 2. parrafoaren arabera aukeratu dute".

Iragarpenarekin batera, diputatu gehienen txalo zaparrada izan da, eta, ondoren, Merz zutitu egin da, eta Klocknerrek erabakia onartzen zuen galdetu dio. "Presidente andrea, konfiantza eskertzen dut eta erabakia onartzen dut", erantzun du Merzek txalo artean.

Egoera berria

Ordu batzuk lehenago, Merzi sei boto falta izan zaizkio beharrezko gehiengoa lortzeko, eta horrek harridura handia sortu du, bloke kontserbadoreak eta sozialdemokratek 12 botoko tartea zutelako bozketa aurrera ateratzeko.

Bozketa horretan 310 diputatuk alde bozkatu dute, eta, 307k, kontra. Gainera, boto baliogabe bat eta hiru abstentzio izan dira.

Hortaz, ondorioztatzen da alderdi kontserbadore eta/edo sozialdemokratetako 18 diputatuk —guztiak hemizikloan zeuden— ez dutela Merzen aldeko botorik eman lehen itzulian.

Egoera berria dela eta, Klocknerrek bertan behera utzi du saioa bost orduz baino gehiagoz, talde parlamentarioek eztabaidatzeko denbora izan zezaten. Horren ostean, CDUk eta CSUk erabaki dute ez itxarotea eta bigarren itzulia gaur bertan egitea, Parlamentuan dauden alderdi guztien babesarekin, AfD ultraeskuindarrarena izan ezik.

Alemaniaren historia garaikidean, kantziler izateko hautagai bakar batek ere ez du inoiz huts egin gobernuburu aukeratzeko lehen bozketan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Eguneko albisteak Albisteak