Mundua -
Konklabea Vatikanoan
Kapera Sistinoaren ateak itxi dituzte, eta hasi da Frantzisko aita santuaren ordezkoa aukeratzeko konklabea
Lehen fumata arratsaldean ikusiko da, eta oso litekeena da beltza izatea. Aita santu berria kardinalen bi herenen gehiengo kualifikatuz baino ez da aukeratuko, hau da, 89 boto beharko ditu hautatua izateko.
EITB Media
Frantzisko aita santuaren ondorengoa aukeratu beharko duten 133 kardinalak Kapera Sistinoan giltzapetu dira gaur konklabea hasteko, maisu zeremoniariak ateak itxi ostean.
Liturgi Ospakizunen maisu Diego Ravellik latinez esan du "Extra omnes" (denak kanpora), konklabetik kanpo dagoen orori kapera uzteko aginduz.
Kapera Paulinoatik, Santuen Letaniak kantatuz, kardinal hautesleak prozesioan joan dira Kapera Sistinora, eta han, Veni Creator abestu ondoren, agindutako zina egin dute. Kardinal hautesle bakoitzak bere izena esan eta, eskua Ebanjelioen gainean jarriz, adierazi du: "Zin dagit".
Lehen fumata arratsaldean ikusiko da, eta oso litekeena da beltza izatea. Aita santu berria kardinalen bi herenen gehiengo kualifikatuz baino ez da aukeratuko, hau da, 89 boto beharko ditu hautatua izateko.
Bozketak Kapera Sistinoan izango dira. Kapera horrek ateak itxi zizkion publikoari apirilaren 28an, Konklabea prestatzeko. Ordutik, langileak bi berogailu jartzeaz arduratu dira, boto-zenbaketen boto-orriak erretzeko eta ke beltza edo zuria egiteko, eta zenbait egokitzapen egin dituzte.