Mundua -
Aitorpena
Milaka palestinarrek harrera egin diote Abas presidenteari
Halaber, Israelek kolonoentzako 3.000 etxebizitza berri eraikiko dituela iragarri ostean, Segurtasun Kontseiluak parte hartzea eskatu du Palestina Askatzeko Erakundeak.
Erredakzioa
Milaka palestinarrek harrera egin diote Mahmud Abas Palestinako presidenteari, New Yorketik bueltan, ostegun honetan Palestina Nazio Batuen Erakundeko estatu begiralea izendatu ostean. Ramallahn jai giroa izan da nagusi. Plaza nagusian banderak izan dira ikusgai, eta Abas, Arafat eta Jerusalemeko argazkiekin apaindu dute zonaldea.
Joan den ostegunean Nazio Batuko Erakundearen egoitzan izandako bozketan, 138 estaturen babesa lortu zuen Palestinak.
"Nazioarteko herrialdeek Palestinaren jaiotza egiaztatu dute", esan du Abasek Ramallahn milaka lagunen aurrean eskainitako hitzaldian. "Orain Estatua gara; mundua, Historia eta Jainkoa gurekin dira, munduaren % 75ek gure alde bozkatu du Nazio Batuen Erakundean", azpimarratu du presidente palestinarrak.
Kolonoentzako etxebizitza berriak
Bestalde, Israelek Zisjordanian kolonoentzako 3.000 etxebizitza berri eraikiko dituela iragarri ostean, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak parte hartzea eskatu du Palestina Askatzeko Erakundeak, Israelen neurriek Palestinako estatuaren sorkuntza zailduko luketelakoan.
"Bakea nahi ez duen herrialde arrazista da Israel", azpimarratu du Ahmed Korei Palestina Askatzeko Erakundeko kideak. "Israelen erabakiak erronka garbia ekartzen du", ohartarazi du Koreik.