Mundua -
Konklabea Vatikanoan
Aurreikusitakoa bete egin da eta lehenengo fumata beltza izan da
Ke beltza 21:00etan hasi da ateratzen Kapera Sistinoko tximiniatik, konklabea formalki hasi eta hiru ordu pasatxora. Milaka pertsona bildu dira konklabearen lehen egunean Done Petri plazaren inguruan. Ikusmina handia izan da, nahiz eta ke beltza izango zela aurreikusi.
EITB Media
Iragarritakoa bete egin da eta aurreneko kea beltza izan da; beraz, kardinalek ez dute aita santu berria aukeratu oraindik. Pontifize berria kardinal hautesleen bi herenen gehiengo kualifikatuz baino ez da aukeratuko, hau da, 89 boto beharko ditu hautatua izateko.
Ke beltza 21:00etan hasi da ateratzen Kapera Sistinoko tximiniatik, konklabea formalki hasi eta hiru ordu pasatxora.
Milaka pertsona bildu dira konklabearen lehen egunean, Done Petri plazaren inguruan. Ikusmina handia izan da, nahiz eta fumata beltza izango zela aurreikusi.
18:30etik aurrera, ez zen zotza sartzeko lekurik ere San Petri plazaren inguruan. Fededunak, turistak eta hainbat herrialdetako kuxkuxeroak kearen zain zeuden ordurako.
Frantzisko aita santuaren ondorengoa aukeratu behar duten 133 kardinalak Kapera Sistinoan giltzapetu dira gaur konklabea hasteko, zeremonia-maisuak ateak itxi ostean.
Ospakizun liturgikoen maisu Diego Ravellik latinez esan du "Extra omnes" (denak kanpora), konklabetik kanpo dagoen orori kapera uzteko aginduz.
Kapera Paulinotik, Santuen Letaniak kantatuz, kardinal hautesleak prozesioan joan dira Kapera Sistinora, eta han, "Veni Creator" abestu ondoren, agindutako zina egin dute. Kardinal hautesleek izena esan eta, eskua Ebanjelioen gainean jarri, eta adierazi dute: "Zin dagit".
Bozketak Kapera Sistinoan izango dira. Publikoa ezin izan da Kaperara sartu apirilaren 28tik, Konklabea prestatzeko. Ordutik, langileak bi berogailu jartzeaz arduratu dira, boto-zenbaketen boto-orriak erretzeko eta ke beltza edo zuria egiteko, eta zenbait egokitzapen egin dituzte.
Lau bozketa egunean
Ostegunetik aurrera, 7:45ak aldera, kardinal hautesleek ostatua utzi eta Jauregi Apostolikora abiatuko dira. 8:15ean meza egingo da Kapera Paulinoan, eta 9:15ean hasiko da eguneko lehen bozketa, eta, behar izanez gero, bigarrena. Kea 10:30ak (fumata zuria balitz bakarrik) eta 12:30ak aldera espero da. Fumata zuria atera ezean, hautesleak Santa Martara itzuliko dira bazkaltzera.
Arratsaldean, bozketak 16:30ean jarraituko du Sistoren Kaperan eta, berriz ere, bi bozketa txanda egitea daukate. Kea 17:30ean (zuria izatekotan) eta 19:00ak inguruan ager daiteke. Hautagai bakar batek ere ez baditu botoen bi herenak lortu, kardinalek Kapera Sistinoan Bezperak errezatu eta Santa Martara itzuliko dira.
Fumata zuria agertzen denetik hautaketa iragarri arte ordubete inguruko tartea dago, aldez aurretik hautatutako aita santuak kargua onartu, jantzia aldatu eta Sistoren Kaperan dauden kardinalen obedientzia erritua burutu arte.