Mundua -
Konklabea
Konklabeak bigarren eguna du; aukeraketa azkarra izango den jakiteko gako da
Frantzisko eta Benedikto XVI.a bigarren egunean hautatu zituzten. Oraingoan, kardinal gehiago dago, eta konklabea pluralagoa da; baliteke, beraz, erabakiak luze jotzea. 10:30-11:00etatik egon liteke fumata, eta bat etorri ezean, arratsaldeko bozketen zain egon beharko ginateke.
Agentziak | EITB Media
Bigarren eguna du gaur Frantziskoren ondorengoa aukeratzeko konklabeak. Izan ere, aurreikusi zitekeen bezala, fumata beltza izan zen atzo. Ezarritakoaren arabera, gaur lau bozketa egingo dituzte kardinalek: bina goizean eta arratsaldean, betiere aurretik ke zuririk ez badago.
Ostegun honetako bozketak giltzarri dira jakiteko faborito nagusiek —Mateo Zuppi, Luis Antonio Tagle, eta bereziki Pietro Parolin— Eliza Katolikoaren 267. buruzagia bihurtzeko babes nahikoa lortzen duten. Purpuradun kontserbadoreek amore ematen ez badute, Vatikanoaren estatu idazkaria ere badenak aukerak galduko lituzke, eta errefomisten artean beste izen batzuk atera beharko lirateke.
Azken aukeraketetan, bigarren egun honek aparteko garrantzia izan du. Faborito direnen aukerak sumatzeko izan ohi da lehen bozketa (atzokoa). Kardinalek euren hautagai gustukoenaren alde egin ohi dute, eta bozkatuenak nortzuk diren ikusteko balio du. Bigarren eguneko goizeko bozketetan, aldiz, purpuradunak botoa aldatzen hasten dira, faboritoen alde egiteko.
Goizean adostasunik ez balego, arratsaldeko bozketetan hasiko da balantza mugitzen, batzuen edo besteen alde. Hala, bosgarren bozketa (gaurko 19:00etakoa) izan daiteke erabakigarria, edo asko jota, seigarrena (bihar goizekoa).
Benedikto XVI.a zein Frantzisko konklabearen bigarren egunean aukeratu zituzten.
Bi bozketa goizean
133 kardinalak 07:45ean atera dira Santa Martaren egoitzatik (han hartu dute ostatu konklabeak dirauen artean) eta Kapera Paulinoa joan dira mezatara.
Beste behin, Kapera Sistinoak hartu ditu konklabearen bozketak, 09:30etik aurrera. Liturgia ostean, gaurko lehen bozketa egin behar dute elizgizonek.
____________
___________
Aita santua aukeratzen badute, hots, izen batek botoen bi heren lortzen baditu, fumata zuria agertuko da 10:30-11:00 inguruan. Adostasunik ez badago, bigarren bozketa egingo lukete, eta ke beltzarekin iragarriko liokete munduari, eguerdi aldera. Bi bozketak eginda, 12:30ean, Santa Martaren egoitzara joango dira kardinalak, bazkaltzera.
Arratsaldean, beste bi bozketa daude aurreikusita. Lehen horretan izenen batek babes nahikoa izatekotan, fumata zuria 17:00ak aldera agertuko da zeruan. Beste behin huts egingo balute, laugarren bozketaren emaitza, ke beltza, 19:00etarako aterako litzateke tximiniatik.
Atzoko lehen bozketaren emaitza espero baino beranduago jakinarazi zuten kardinalek (21:00etan, bi orduko atzerapenarekin). Adituen esanetan, Raniero Cantalamessa predikariaren (90 urte dituenez, ez du boto eskubiderik, baina Kapera Sistinoan dago) hitzaldi luzeagatik izan zitekeen, edota ados jartzeko zailtasunagatik. Izan ere, oraingoa inoizko konklabe jendetsuena (aurrekoan baino 18 kardinal gehiago daude), nazioartekoena (70 nazionalitatetako purpuradunak daude) eta pluralena da (bi talde daude aurrez aurre: kontserbadorea eta erreformista).
Larunbaterako fumata zuririk egon ezean, igandean kardinalek gogoeta eguna izango dute, eta egun horretan ez da bozketarik egongo. Astelehenean ekingo diete berriro zazpi bozketen hiru eguneko beste txanda bati.