Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Indarrean da Errusiak alde bakarrez Ukrainan ezarritako hiru eguneko su-etena
Bigarren Mundu Gerra amaitu zeneko 80. urteurreneko ospakizunak direla eta ezarri du Putinek menia. Ukrainak ez du bat egin.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Asteazken honetako gauerditik indarrean da Vladimir Putin Errusiako presidenteak alde bakarrez Ukrainan ezarritako 72 orduko su-etena (maiatzaren 10era arte). Armada Gorriak Alemania nazia mendean hartu eta Bigarren Mundu Gerra amaitu zela 80 urte bete dira gaur, eta urteurrena ospatzeko ekitaldiak direla eta deitu du menia buruzagi errusiarrak. "Bai, Errusiaren ekimena, Putinen ekimena, indarrean da", esan du goizean Dmitri Peskov Kremlinen eledunak
Aipatutako urteurrena dela eta, gaur-biharretan mundu osoko 30 bat mandatari dira joatekoak Moskuko Plaza Gorrian egingo diren ekitaldietara. Segurtasuna bermatzeko hartu zuen Putinek erasoak hiru egunez eteteko erabakia. Atzo Venezuelako eta Kubako presidenteekin bildu ostean, gaur Txinako agintariekin du hitzordua, eta bihar, berriz, Brasilgo eta Eslovakiako ordezkariak hartuko ditu.
Joan den astean iragarri zuen su-etena Putinek, eta berria zabaldu orduko, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak garbi utzi zuen ez zuela ontzat ematen eta Moskun izango diren mandatarien segurtasuna ezin duela bermatu.
Pazko ortodoxoaren harira iragarritako 30 orduko su-etenean gertatu bezala, Errusiak argudiatu zuen "arrazoi humanitarioengatik" hartu duela oraingoan ere erabakia, eta Kiev gauza bera egitera deitu zuen.
Erasoak, droneekin
Agertoki horretan, atzo Errusia hegoaldeko Domodedovoko nazioarteko aireportua itxi egin zuten, Ukrainako Armadak droneekin egindako erasoen ondorioz, Rosaviatsia agentziak zabaldutako informazioaren arabera.
Era berean, sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Seguiei Sobianin Moskuko alkateak jakinarazi du Errusiako soldaduek gutxienez lau drone atzeman eta suntsitu dituztela azken orduotan hiriburuaren inguruan.