Mundua -
Konklabea
Fumata zuria Vatikanoan: Habemus Papam
Konklabearen laugarren bozketan eta bigarren egunean aukeratu dute kardinalek aita santua. Dominique François Joseph Mamberti kardinalak iragarriko du nor den.
EITB MEDIA
ZUZENEAN: Jarraitu streaming bidez San Petri plazako erreakzioak
Kapera Sistinoko tximiniatik atera den ke zuriak, San Petri Basilikako kanpai-hotsek lagunduta, iragarri du albistea: konklabeak Frantziskoren ondorengoa, Eliza Katolikoaren burua, izango dena aukeratu du.
Milaka lagunen txalo zaparrada batek jaso du gaur arratsaldeko 18:08etan (16:08 GMT) zabaldu den fumata zuria.
San Petri plaza ez zegoen atzo asteazken arratsaldean bezain beteta, konklabearen lehen egunean, baina horrek ez du eragotzi sekulako zalaparta entzutea, Kapera Sistinoaren gaineko tximiniatik ke zuria ateratzen hasi denean.
Bildutakoek oihu eta txalo artean hartu dute kea, eta fededun eta kuriosoek banderak astindu dituzte.
'Habemus Papam' ('Badugu aita santua'). Konklabearen bigarren egunean Frantziskoren lekukoa hartuko duena aukeratu dute atzotik bilduta dauden 133 kardinalek. Horrek esan nahi du hautagaietako batek gutxienez bi herenen babesa (89) jaso duela.
Aita santu berria une batetik bestera aterako da San Petri Basilikaren balkoira, plazan bilduta dauden fededunak agurtzera. Orduan jakingo da nor den.
Ezarritako protokoloen arabera, 30 bat minutu igaro daitezeke ke txuria ateratzen denetik aita santu berria balkoira ateratzen denera arte. Pertsona horrek hainbat erritu bete behar ditu bozketan aukeratzen dutenetik.
Hasteko, Kapera Sistinoan inork ezingo du berarengana gerturatu, harik eta Kardinalen Kolegioko kardinal idazkariak aita santu izatea onartzen duen galdetu eta, onartzen badu, zein izen nahi duen esan arte.