Mundua -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Leon XIV.a aita santu berria, Hezkuntzako negoziazio mahaia eta euriborraren jaitsiera
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko maiatzaren 9an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Leon XIV.a aita santu berria: Aita santu berria Robert Francis Prevost kardinal estatubatuarra izango da, eta Leon XIV.a izena hartuko du. Prevostek, Perun ibilbide luzea duen misiolariak, Frantzisko aita santuaren lekukoa hartuko du. Ostiral honetan, 11:00etan, purpuradunekin meza egingo du Kapera Sistinoan, eta igandean Regina Coeli (euskeraz Zeruko Erregina) otoitza egingo du San Petriren basilikan.
- Hezkuntza sailaren eta sindikatuen arteko negoziaketak: Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek ez dute begi onez ikusi Hezkuntza Sailak lan-gatazka desblokeatzeko aurkeztu duen proposamena, mahai gainean jarritakoa ez dela nahikoa iritzita. Hezkuntza Sailak beste proposamen bat bidaltzeko konpromisoa hartu du, eta ostiralean negoziazio-mahaian eseriko dira berriro. Gauzak horrela, Hezkuntzako sindikatuek datorren astean, maiatzaren 12tik 16ra deituta dauden greba egunei eusten diete.
- Euriborraren jaitsiera: Europako Banku Zentrala interes-tasak murriztuz joan da 2024tik, jarduera ekonomikoa gehiegi ez geldiarazteko eta kontsumoa bultzatzeko asmoz. Pasa den apirilaren 17ko azken bileran, % 2,25ean kokatu zituen eta mugimendu honen ondorioz, euriborrak, Europako bankuek beren artean dirua mailegatzen duten tasen batez bestekotik lortzen den indizeak, ere beheranzko bidean jarraitzen du.