Mundua -

AITA SANTU BERRIA

Leon XIV.a aita santuak martxan jarri du bere agenda, kardinalekin Kapera Sistinoan egindako mezarekin

Aita santu aukeratu dutenetik egin duen lehen homilia da honakoa. Ostegunean, berriz, Aitasantutzako lehen meza solemnea egingo du Leon XIV.ak, San Petri plazan eta milaka fededunen aurrean.

Leon XIV aita santua, Kapera Sistinoan. EITB Media
Leon XIV aita santua, Kapera Sistinoan.
Leon XIV .a aita santuak bere Aitasantutzako lehen meza egin du Kapera Sistinoan

0:43

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aita santu aukeratu berritan, Leon XIV.ak gaur abiatu ditu bere lehen ekitaldi publikoak. 11:00etan, meza eman du Kapera Sistinoan, aita santu egin zuten 132 kardinalen aurrean. Leon XIV.a zuriz jantzita agertu da gaur, buruan mitra eta eskuan artzain makila zuela. Latinez aritu da, bi irakurtaldi ingelesez eta italieraz egin badituzte ere.

Hain justu, bi emakumeren esku geratu dira gaur bi irakurraldi horiek; bata lekaimea da, bestea laikoa. Ondoren, aita santuak hartu du hitza, eta purpuradunei zuzenduta, ingelesez, batasun mezua helarazi du. "Gurutzea eramateko deitu didazue, misio honetarako bedeinkatua izateko, eta bidea nirekin batera egitea nahi dut. Denok osatzen dugulako Eliza", azpimarratu du.

Igandean, 12:00etan, Regina Coeli errezitatuko du, Pazkoan zehar, Pazko igandetik Mendekoste igandera, Ama Birjinaren ohorez eta angelusaren ordez egiten den otoitza, eta San Petri basilikako fatxadatik egingo du, Leon XIV.a izenarekin aurkeztu eman zuten lekutik bertatik.

Bestalde, Frantzisko aita santuak egin zuen bezala, maiatzaren 12an audientzia bat egingo du komunikabideen ordezkari guztiekin Paulo VI.a gelan.

Vatikanoko bozeramaileak nabarmendu duenez, Leon XIV.aren hautaketa Elizaren Doktrina Sozialaren erreferentzia modernoa da, Rerum Novarumekin hasi zena, Leon XIII.a aita santuaren entziklikarekin. "Inteligentzia artifizialeko garaian lan egiten zuten gizon-emakume langileen erreferentzia ere bada, argi eta garbi", erantsi du.

Aitasantutzaren hasierako meza datorren ostegunean, maiatzaren 15ean, egingo dute San Petri plazan. Mundu osoko agintariak eta milaka fededun batuko zaizkio aita santuari.

Lehen orduak

Leon XIV.a aita santu berriaren lehen ihesaldia bart izan zen, Vatikanoko sarreratik metro gutxira dagoen Ofizio Santuaren jauregian bizi zen egoitzara joan baitzen; langile eta bizilagun batzuk agurtu zituen, selfieak egin zituzten eta neskato bati liburu bat sinatu zion bertan.

"Oraindik hobetu behar dut sinadura", esan zuen txantxetan irailean 70 urte beteko dituen lehen aita santu estatubatuarrak. Haur batek liburu bat eman zion Robert Francis Prevosti, Leon XIV.a izenarekin sina ziezaion, Ofizio Santuaren jauregiko patioan, bertan zeudenek sare sozialetan bideo baten bidez zabaldu dutenez.

Leon XIV.a auto ilun batetik jaitsi zen, eta inguruan bildu ziren guztiak agurtu zituen, tartean mexikar bikote bat, Guadalajarakoa, eta, ondoren, bedeinkapena eman zien guztiei.

Ostegun arratsaldean, aita santu berriak kardinalekin afaldu zuen Santa Marta etxean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Aita santua Eguneko albisteak Albisteak Eliza Katolikoa