Mundua -
Aita santu berria
Zer gertatu da konklabean? Honela nagusitu zaio Prevost faborito zen Parolini
Italiako hedabideek hiru gako nabarmendu dituzte: Parolinek "atzerapausoa" eman zuela, Prevostek munduko hegoaldearen eta "bergogliano moderatuenen" botoak bildu dituela eta Frantziskoren aldekoenak "zatituta" zeudela.
EITB Media
Konklabearen barruan gertatzen dena sekretua bada ere, ia ezinezkoa da filtrazioak galaraztea, eta horiek ahalbidetu egiten dute Kapera Sistinoan jazotakoa jakitea.
Frantziskoren ondorengoa hautatzeko konklabeak arrazoia eman dio berriro Erroman gehien errepikatzen den esaera zaharrari: konklabean aita santu sartzen dena kardinal ateratzen da.
Horren ildotik, Italiako hedabideek (iturri onak omen dituzte beti Erromako kurian) azaldu dutenez, faboritoak, hots, Pietro Parolin Vatikanoko Estatu idazkariak, aurrea hartu zuen lehen bozketan, baina azkenean amore eman behar izan zuen, aita santu bihurtzeko adina babes bilduko ez zuela ikusita.
Il Messaggero egunkariaren esanetan, Parolinek "atzerapausoa" eman zuen, kardinal italiarrek "traizioa" egin eta botoak Robert Francis Prevost estatubatuarrari, gero Leon XIV.a aita santua izango zenari, eman zizkiotelako. Antza denez, munduko hegoaldeko kardinalen babesa ere izan du estatubatuarrak.
Il Corriere della Sera ere iritzi berekoa da. Horren arabera, Parolinek "aldea" lortu omen zuen lehen bozketan, baina "ordu gutxitan" norabide aldaketa izan zen, Prevosten mesedetan.
La Repubblicak zehaztasun gehiago eman ditu: Leon XIV.ak "boto transbertsalak" eta "berglogiano moderatuenak" jaso zituen.
"Italiako Elizak galdu egin du", esan du La Stampak, "hautagai gehiegi" zituelako. Horren aurrean, Prevostek "estatubatuarren eta hegoaldeko kardinalen" botoak bildu ditu.
Parolinek ez zuen Afrikako eta Asiako purpuradunen babesa izan, Il Giornalek zabaldu duenez, eta nabarmendu egin du Timothy Dolan New Yorkeko artzapezkikuak Prevosten alde egindako lana. "Hura izan da benetako kingmaker-a", azaldu du.
Bien bitartean, Frantzisko aita santua zenaren aldekoak "zatituta" zeuden, eta ez ziren gai izan alternatiba sendo bat mahaigaineratzeko.