Mundua -

Kaxmir jomuga, gatazka

Tentsioak gora egin du Indiaren eta Pakistanen artean, gerra irekiaren mehatxupean

Bi potentziek bereganatu nahi duten Kaxmir eskualdea da liskarren epizentroa. Atzo eta gaur artean, Indiak Pakistani leporatu dio mugako hainbat hiriren aurka droneak erabiliz eraso egitea, eta, erantzun gisa, Indiako Armadak droneak jaurti ditu Kaxmir pakistandarrera.

Asteazkeneko eraso indiarraren ondorioak Kaxmir pakistandarrean. EFE.
Asteazkeneko eraso indiarraren ondorioak Kaxmir pakistandarrean. EFE.
Asteazkeneko eraso indiarraren ondorioak Kaxmir pakistandarrean. EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indiaren eta Pakistanen arteko harremana gatazkatsua izan da betidanik, baina azken egunetan harreman horretan izan den boladarik kritikoenetako batean murgilduta daude. Tentsioak azkar egin du gora egunotan, eta gerraren mehatxua ez dute aparte bi potentzia nuklearrek. Ez litzake bi herrialde horien arteko lehen gerra izango. 

Bi herrialdeen arteko harremana tirabiratsua izan da 1947an independizatu zirenetik. Eskala baxuko borroka etengabeak izateaz gain, bi herrialdeek hiru gerra egin dituzte elkarren kontra, horietako bi Kaxmir eskuratzeko, bi herrialdeen iparraldean eta 1947ko zatiketan banatuta geratu zen eskualdea.

Hain zuzen ere Kaxmir da azkenaldiko erasoen epizentroa ere. Apirilaren 22an, 26 hildako utzi zituen atentatua izan zen Indiako Kaxmirren, Pahlgam eremuan. New Delhik Islamabadi egotzi dio eraso horren erantzukizuna, Pakistanek ukatu egin duen arren zerikusirik izan izana. 

Gauzak horrela, Indiak Kaxmir pakistandarrari (gehiengo musulmanekoa) airez egin zion eraso maiatzaren 7an. 'Sindoor Operazioa' deitu zion, eta teorian, "azpiegitura terroristen kontra" egin zuen erasoa, misilak erabiliz. Hala ere, Pakistango agintarien arabera, gutxienez sei hiritan erori ziren misilak, eta 31 pertsona hil ziren, tartean bi haur. 

Eskalatzea, ordea, ez zen hor amaitu. Ordutik hona, drone indiarrek funtsezko azpiegiturak jo dituzte Kaxmir pakistandarrean, eta Islamabadek dio misilak eta tripulaziorik gabeko aireko gailuak erabiliz egindako erasoak ere jaso dituela, eta biktima zibilak daudela salatu du.

Atzo eta gaur artean, Indiak Pakistani leporatu dio mugako hainbat hiriren aurka droneak erabiliz eraso egitea, eta, erantzun gisa, Indiako Armadak droneak jaurti ditu Kaxmir pakistandarrera. Azken batean, potentzia biek elkarri leporatzen dizkiote erasoak, eta beste aldearen erasoen biktima gisa agertu dira.

Gaur arratsaldean bertan, Indiako segurtasun indarrek adierazi dute Pakistanek drone bidezko erasoak egin dituela Kaxmir indiarreko hainbat herriren aurka. Gutxienez hiru pertsona zauritu dira. Aire-alarmak entzun dira inguruetan, eta zenbait hiritan itzalaldiak izan dira.

Apirilaren 22tik, 80 pertsona baino gehiago hil dira Kaxmir eskualdeko bi aldeetan gatazka horren ondorioz. Ehunka familiak ihes egin dute.

Tentsioak murrizteko deiak

Shaqfat Ali Khan Pakistango Atzerri Ministerioko bozeramaileak deitoratu du "Indiaren zuhurtziagabekeriazko jokabideak ahalmen nuklearra duten bi estatu gatazka handiago batera hurbildu izana". Horren ustez, "jarrera belizista hori mehatxu larria da, ez bakarrik aldebiko harremanetarako, baita eskualdearen segurtasunerako eta munduaren segurtasunerako ere".

Azpimarratu duenez, "Pakistanek bakearekin konprometituta jarraitzen du, eta nazioarteari dei egiten dio Indiaren probokazio horiek kontuan har ditzan eta tentsioa arintzen paper eraikitzailea izan dezan".

Bi herrialdeak potentzia nuklear handiak dira, eta bestea suntsitzeko adinako ahalmen nuklearra garatu dute. Hori mehatxu eta galga da aldi berean, borroka nuklearrera iritsiz gero suntsipena ziurra bailitzateke bientzat. 

Hainbat herrialdek, tartean Iranek, AEBk eta Ekuadorrek, ahalegin diplomatikoak eskatu dizkiete bi aldeei, egoera larriagotu ez dadin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak India Pakistan