Mundua -

Ukrainako gerra

Frantziako, Erresuma Batuko, Alemaniako eta Poloniako buruzagiak Kieven dira, Ukrainari babesa adierazteko

Bat egin dute Trumpen bake-akordiorako deiarekin, eta Errusiari eskatu diote "esfortzu diplomatikoak oztopatzeari utzi" eta "30 eguneko baldintzarik gabeko su-eten osoa onar" dezala, "bake justu eta iraunkorrari buruzko elkarrizketetarako espazioa sortzeko".

'Boluntarioen koalizioaren' agerraldia, Zelenskirekin, Kieven. EFE.
'Boluntarioen koalizioaren' agerraldia, Zelenskirekin, Kieven. EFE.
'Boluntarioen koalizioaren' agerraldia, Zelenskirekin, Kieven. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako, Erresuma Batuko, Alemaniako eta Poloniako buruzagiak Kievera iritsi dira larunbat honetan, Ukrainari babesa adierazteko, beste behin. Elkarrekin egin duten agerraldian azaldu dutenez, bat egiten dute Donald Trump AEBko presidentearen "bake-akordio" deiarekin eta Errusiari eskatu diote utz diezaiola "ahalegin diplomatikoak oztopatzeari, bake justu eta iraunkorrari buruzko elkarrizketetarako espazioa sortzeko". 

"Guk, Frantziako, Alemaniako, Poloniako eta Erresuma Batuko buruzagiek, elkartasuna adierazi nahi diogu Kievi Errusiaren inbasio basati eta ilegalaren aurrean", esan dute Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak, Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak eta Donald Tusk Poloniako lehen ministroak.

"Trumpek bake-akordioa lortzeko egindako deiei babesa ematen diegula berresten dugu, eta Errusiari eskatzen diogu bake iraunkorra lortzeko ahaleginak oztopatzeari utz diezaiola", adierazi dute. Halaber, Moskuri eskatu diote "30 eguneko su-eten osoa eta baldintzarik gabekoa onartzeko".

Hala, "lehenbailehen bake-elkarrizketak bultzatzeko, su-etenaren aplikazio teknikoa eztabaidatzeko eta erabateko bake-akordiorako prestatzeko" prest agertu dira: "Argi dugu ezin dela odol gehiago isuri, Errusiak legez kanpoko inbasioa geldiarazi behar du eta Ukrainak nazio seguru eta subirano gisa aurrera egiteko gai izan behar du hurrengo belaunaldietan, nazioartean onartuta dituen mugetan".

"Ukraina babesten jarraituko dugu, eta babes hori handituko. Errusiak su-eten iraunkorra onartu arte, Errusiaren gerra-makinaren gaineko presioa areagotuko dugu", iragarri dute lau buruzagiek.

Kievera iritsi ostean, ohar bat argitaratu du Macronek X sare sozialean, eta nabarmendu du "lehen pentsamenduak Ukrainako herritarrentzat" dituela, "ausardia miresgarria" erakutsi baitute gerra hasi zenetik "beraien lurragatik, askatasunagatik, Europarengatik".

"Gure kontinenteko segurtasuna da hemen jokoan dagoena. Errusiaren erasoaren aurrean, gure erantzuna kolektiboa izan behar da", horren esanetan, eta "bake justu eta iraunkor bat erabateko eta baldintzarik gabeko su-etenarekin hasten da", gaineratu du.

"Hori da AEBrekin batera bultzatzen dugun proposamena. Ukrainak martxoaren 11n onartu zuen proposamen hori. Errusia, ordea, atzeratzen ari da, aldez aurreko baldintzak ezartzen ari da, denborarekin jolasean, eta, bitartean, inbasioak jarraitu egiten du. Errusiak oztopoak jartzen jarraitzen badu, europar gisa presioa areagotuko dugu, AEBrekin koordinazio estuan", azaldu du.

Bidaiaren agendaren barruan, "Ukrainaren askatasunaren eta independentziaren alde bizia eman zuten gerrariak oroitzeko" ekitaldia egin dute Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak eta Europako lau buruzagiek.  

"Aintza eta betiereko esker ona heroiei, jada gurekin ez dauden arren, gure bihotzetan betiko geratuko direnei. Ukraina babestearren bizitza eman zutenak gogoan izango ditugu beti", adierazi du Zelenskik mezu labur batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Erresuma Batua Alemania Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski Polonia